Alaitz Artolazabal: "Istorioei izen-abizena eta arazo sozialei aurpegia jartzen zaie"

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko azaroaren 21a

Gaur, egubakoitza, Tokikom sarietan, euskarazko komunikabideei egiten duten lana aitortu, gizarteratu eta adimen artifizialak kazetaritzan duen paperaz arituko dira MUren Aretxabaletako campusean.

Tokikom sareak 30 bazkide eta 286 herrietako istorioak kontatzen ditu; sare horren zuzendari orokorrak, Alaitz Artolazabalek (1982, Zumarraga), paradigma berriaren aurrean kazetaritzaren erronka eta aukerez aritu da. Testuinguru horretan, tokiko euskarazko hedabideen zeregina defendatzen du, komunitatea eta egia lehen lerroan jartzen dituen kazetaritza eredua eraikitzeko bidean.

Sariak banatzeaz gain, adimen artifizialak kazetaritzan duen zereginaz ere jardungo du gaur RTVEko Urbano Garcia Alonsok; nor da eta zer ikasi nahi duzue harengandik?

RTVEko eta Canal Extremadurako erredakzio eta ardura postuetan eskarmentu handiko kazetaria da; harekin, adimen artifizialak kazetaritzan sortu dituen eta sor ditzakeen aukerak landuko ditugu. Paradigma berri baten aurrean gaude, eta, ematen dituen azalpenekin, (toki) komunikabideei nola jokatu nahi/ahal/behar dugun jakiteko pista garrantzitsuak emango dizkigu.

Adimen artifizialak kazetaritzan duen zereginarekin badago ardurarik Tokikomen?

Ardura hitzari heldu nahiko nioke, eta azpimarratuko nuke euskarazko komunikabideak garen heinean bi zentzutan eragiten digula: batetik, komunikabide garen heinean, aintzat hartu behar da adimen artifiziala albiste iturri gisa baliatzeko ohitura dutela kontsumitzaileek. Aukerak ere eskaintzen dizkigu, balio erantsirik ez eta automatizagarriak izan daitezkeen lanak ordezkatu eta arreta kazetaritza hobea egitean jarriz. Ezin dezakegu ahaztu pentsamendu kritikoa, sormena, testuingurua eta egiaztapena ordezkaezinak diren elementuak direla. Bestetik, euskaratik eta euskaraz sortzen duten hedabideak garenez, kontziente izan behar dugu hizkuntza gutxitu baten aldeko hautuak dakartzan mugez eta erronkez.

Tokikom sariekin, euskaraz egiten den tokiko kazetaritza lana aitortzea ere bada xedea; erreferentziazko kazetaritza da?

Bai; gehiegizko informazioaren aroan bizi gara, eta, testuinguru horretan gertatzen diren albiste faltsu eta desinformazio praktiken aurrean, toki komunikabideek zeregin garrantzitsua dute kohesio soziala eta kalitate demokratikoa bermatzean. Mundu mailako azterketek frogatu dute kazetaritza produktuen kontsumoan tokikoak leku garrantzitsua betetzen duela, duen sinesgarritasunagatik. Izen-abizenak dituzten istorioak kontatzen dituzte, eta arazo sozialei aurpegia eta testuingurua jarri dizkiete.

Aurrera begira, zeintzuk dira taldearen erronka nagusiak?

Arestian aipatutako adimen artifiziala bada erronketako bat; hedabideetako lan esparruetan digitalizazioan sakontzeko beharra ikusten dugu, kazetaritzan ez ezik, kudeaketan, marketinean... Horretarako, bazkideekin bakoitzaren beharretara egokitzen diren baliabideak garatu eta marko berri baten beharra ikusten dugu. Baliabide guztiek zero kilometroko kazetaritza onena bermatzea dute xede: diseinua zein pertsonalizazioa presente izanik. Komunitatea zabala da; aniztasunaren baitan, euskara presente egotea gure egitekoen artean dago.

Tokikom, Kataluniako topaketan

Joan den azaroaren 15ean, Tokikomek –Goiena tartean–, beste hainbat komunikabide elkartetako ordezkariekin batera, Associacio Catalana de la Premsa Comarcal-ek Bartzelonan antolatutako adimen artifizialaren gaineko jardunaldietan parte hartu zuen. Ez da elkargune horren lehen edizioa izan: 2022an Bartzelonan bildu ziren lehen aldiz, eta 2023an Getxon; horiez gain, urtean zehar ere batzen dira, partekatutako erronkez, kezkez eta aukerez jarduteko. Bartzelonako topaketan, tokiko hedabideek adimen artifizialaren aplikazio praktikoak ezagutu eta negozio ereduetan sakontzeko aukera izan zuten. Elkarlanerako aukerak identifikatu eta "eskualdeko eta tokiko hedabideek gorroto eta xenofobia diskurtso uholdeaz ohartarazi eta egiaren defentsan duten papera aldarrikatzeko" manifestua sinatu zuen Tokikomek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak