Gipuzko Buru Batzarreko presidente Euge Arrizabalaga Aretxabaletan elkartu da asteon Debagoieneko herrietako EAJko ordezkariekin. Bisita horrekin, EAJ-PNVk "eskualdearekin eta garapen ekonomikorako, gizarte ongizaterako eta lurraldearen kohesiorako ezinbestekotzat jotzen duten kooperatiba ereduarekin duen konpromisoa" berretsi zuen.
Kezka handiz jorratu zuten gaia izan zen EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztutako zuzenketa: "EH Bilduren proposamen hau ez da soilik finantza kooperatiben aurkako gaitzespen zuzena, baita bere jardueraren alderdi funtsezko eta sozialena ere".
Gertaera isolatutzat baino, finantza kooperatibei egindako eraso konstante gisa definitu du jarrera hori EAJk: "Beste behin ere, ikusten dugu koalizio honek uko egiten diola finantza kooperatiben eragin sozial positiboa aitortzeari, gure gizartean funtsezko zutabea baitira. EH Bilduk, beste behin ere, finantza kooperatiben ekarpen soziala ulertzen eta baloratzen ez duela erakusten du".
Jeltzaleen esanetan, estrategia bat da, "guk defendatzen eta babesten dugun eredu ekonomiko bat ahultzeko". Horregatik, EH Bilduri eskatu diote "bere jarrera berriz aztertzeko eta eredu kooperatiboa errespetatzeko, hamarkadetan zehar itzulera sozial eztabaidaezina sortu baitu. Ez dugu onartuko finantza kooperatiben aurkako erabakiak hartzen jarraitzea, gure nortasun ekonomiko eta sozialaren funtsezko elementu baitira”.
Debagoieneko EAJ-PNVk "eredu kooperatiboa eta bere izaera soziala irmo defendatzeko" konpromisoa berretsi du, "beti egin dugun bezala".