Lehia estua espero dute Bergarak eta Mondrak zapatuko derbirako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko azaroaren 21a

Bergararen eta Mondraren arteko derbia, Agorrosinen, 2024ko azaroaren 9an; Bergara 3-0 gailendu zen.

Ohorezko Erregional Mailan, Bergara eta Mondra lehiatuko dira bihar, azaroak 22, Agorrosin futbol zelaian (16:30). Denboraldi hasiera ona egin dute biek eta derbia dela eta elkar ondo ezagutzen dutela jakinda, norgehiagoka itxia aurreikusi daiteke. 

Bergararen eta Mondraren arteko derbia jokatuko da bihar, azaroak 22, Agorrosin futbol zelaian (16:30). Ohorezko Erregional Mailako gizonezkoen kategorian Bergara bosgarren sailkatua da, 17 punturekin, eta Mondra, berriz, zortzigarrena da, 15 punturekin. Hortaz, Bergarak Mondrarekiko aldea handitzeko aukera izango du, eta arrasatearrek, ordea, bergararren aurretik jartzeko baliatu nahi dute derbia.

Bergara, "dinamika onean"

Derbi bat izanda, ez dago faboritorik, baina Bergarak jokatzen du etxean, eta, beraz, hori igarri egingo dela espero dute mahoneroek. "Nahiko antzera helduko gara bi taldeak derbira. Denboraldi hasiera honetan antzeko dinamika daroagu; esango nuke bai Mondrak eta bai guk hasiera ona eman diogula denboraldiari. Biok ari gara serio eta sendo, eta uste dut partidu guztietan ari garela lehiakor", adierazi du Bergarako entrenatzaile Iker Ruiz de Larramendik. Etxetik kanpo jokatutako azken partidua berdindu arren, derbira une gozoan heltzen direla dio Ruiz de Larramendik: "Dinamika onean gatoz. Talde bezala zein modu indibidualean badugu zer hobetu eta aste barruko entrenamenduetan saiatu gara hobetzeke ditugun horiek hobetzen. Etxean jokatuko dugu, eta hori igarri egin behar da; gogo faltagatik, behintzat, ez da izango". 

Iker Ruiz de Larramendi (Bergara): "Geldikakoak eta bigarren jokaldiak izango dira bereziki garrantzitsuak"

Ondo ezagutzen dute elkar bi taldeek, denboraldiaurrean ere neurtu zituzten indarrak, eta horren arabera planteatu du derbia entrenatzaile bergararrak: "Partidu itxia aurreikusten dut, lehia handikoa, eta bigarren jokaldiak zein geldikako baloiak bereziki garrantzitsuak izango dira, seguruenik. Orain arteko jokoa mantentzea izango da gure lehentasuna; betiere, ondo ezagutzen dugun aurkarira moldatuta". Mondraren ezaugarrien inguruan galdetuta, honako hau dio Ruiz de Larramendik: "Talde oso serioa eta lehiakorra da. Azpimarratuko nuke, gainera, talde oso ausarta dela; baloiarekin erasokorrak dira eta defentsa oso aurreratuarekin jokatzeko ohitura dute".

Sailkapenera begira dena oso estu dagoela dio: "Egunerokotasunean ondo ari gara lanean, entrenamendu guztiak dira inportanteak. Partidu guztietan lehiakorrak izan nahi dugu eta orain arte hori lortu dugu, emaitza dena delakoa izanda. Real Union nabarmendu da oraingoz lider sendo bezala, baina gainerako taldeak gaude oso parekatuta, puntu gutxiren bueltan gaude talde asko".

Mondra, "oso gogotsu"

Aurreko denboraldian, 2024ko azaroaren 9an jokatutako partiduan, 3-0 galdu zuen Mondrak Agorrosinen, eta arantza hori kendu nahi dute. Sarrailagileen entrenatzaile Jorge Davilaren arabera, "oso gogotsu" datoz: "Etxeko azken porrota kolpea izan zen; hobeto hel gintezkeen Bergararen aurkako derbira, baina oso gogotsu gatoz. Badakigu Bergara talde sendoa dela eta zaila izango dela hiru puntuak eskuratzea, baina gure aldetik saiakera guztiak egingo ditugu". Izan ere, Davilaren arabera, ezaugarri on asko ditu Bergarak: "Euren dohainak gure dohainen pare jarri eta ea zer gertatzen den zapatuan... Egia da Bergararen sendotasuna gainditzeko gauzak oso ondo egin beharko ditugula. Akatsik gabe, Bergarak asko zigortzen ditu-eta akatsak".

Jorge Davila (Mondra): "Euren dohainak gure dohainen pare jarri, eta ea zer gertatzen den"

Orain arteko lanari dagokionez, taldeari izaera ematen ari direla dio Davilak: "Taldea eta taldearen jokoa eraikitzen ari gara, jokalari gazteak eta berriak nahi dugun jokora hurbiltzen. Egindako lanak ez du dagokion isla izan sailkapenean, baina hau futbola da... Era berean, baina, ez dago sekreturik; aste barruan egiten ari garen lan ona bermatzen jarraitu behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak