Aste osoa iraun duen egitaraua garatu dute Garaia Parke Teknologikoan Zientzia eta Teknologiaren Astearen baitan. Antolatzaileen esanetan, "arrakastatsua" izan da, "parte-hartze handiarekin eta interes handia piztuz". Parekoen arteko topaketa, drone bidezko lehiaketa teknologikoa, ihes-gela hezitzailea eta ingeniaritzako erronka bat uztartu dituzte jardunaldietan.
Egitaraua Parekoen arteko topaketa eta hitzaldiarekin abiatu zuten, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MGEP) eta Elhuyar erakundeen lankidetzarekin antolatuta. Speed dating formatuan, 50 ikaslek elkarrizketa labur eta zuzena izan zuten arlo zientifiko-teknologikoetako zortzi profesionalekin, benetako esperientziak ezagutzeko, zalantzak argitzeko eta lanbide tekniko eta zientifikoen inguruko estereotipoak apurtzeko aukera izan zuten.
Bestetik, Euskadiko Drone Soccer lehen txapelketa jaso zuten, teknologia, talde-lana eta lehiaketa uztartuta. Ikasleek droneak pilotatu zituzten babesgune batean, robotikako, fisikako eta koordinazioko nozioak praktikan jarriz. Txapelketa Flybble enpresak antolatu eta koordinatu zuen.
ZTIM bokazioak eta lanbideak izeneko ihes-gelak, gainera, logika, lankidetza eta pentsamendu kritikoa landu zituen ikasleen artean, , Saco de Juegos enpresak dinamizatuta. Helburua izan zen zientziak eta teknologiak eguneroko bizitzan eta etorkizuneko ibilbide profesionalean duten papera azaltzea. Urretxu-Zumarraga Ikastolako 25 ikaslek parte hartu zuten, pistak ebazteko eta erronkei aurre egiteko taldean lan eginez.
ZTIM erronka: ingenieritza martxan
Arrautza jaurtiketaren seigarren edizioak, azkenik, parte-hartzaileen trebetasuna eta zehaztasuna jarri zituen proban. Parte-hartzea "bereziki handia" izan zen: 38 bideo jaso ziren eta guztiak @zientziateknologia Instagram kontuan argitaratu ziren, publikoari bere gogokoena bozkatzeko aukera emanda.
Erronkak bi sari izan zituen: Publikoaren Saria eta Epaimahaiaren Saria; biak eskuratu zituen Arizmendi Ikastolak.
Horrekin batera, datorren abenduaren 2an, Kurtzebarri BHIko DBH3ko 52 ikaslek parte hartuko dute Txoko Teknologikoak jardueran, non robotika, adimen artifiziala, programazioa eta errealitate birtuala lantzeko aukera izango duten, esperimentazioaren bidez.