Eskoriatza eta Mondrateren arteko derbia, Arrasatekoendako (1-3)

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 16a

Derbi gogorra eta parekatua jokatu dute Manuel Muñoz kiroldegian Eskoriatzak eta Mondratek. Detaile txikiek erabaki dute partida, eta Arrasatekoek ez dute horretan hutsik egin. Garaipen honekin, sailkapeneko bigarren postua berreskuratu du Mondratek. Eskoriatzakoentzat berriz, atzera pausu txiki bat izan da gaurkoa, baina kopako play-off postuetan sartzeko lehian jarraitzen dute.

Maila nazionalean diharduten bailarako bi taldeen arteko lehen derbiak ikusmin handia piztu du. Harmailak bete egin dira lehiaren atarian, eta festa giroa nagusitu da hasieratik amaierara. Kantxan berriz, beroketan zehar bi taldeek izan duten lagun giroa ahaztuta, intentsitate handiko lehen zatia jokatu dute.

Zaleek hauspotuta, hobeto hasi da Eskoriatza, eta gol aukera garbiak izan dituzte –pare bat aldiz bidali dute baloia zutoinera–.  Dena den, ez dituzte gol aukerak baliatu eta Mondratek hori aprobetxatu du lehen gola egiteko. Eskoriatzakoek baloia galdu eta kontraerasoan iritsi da huts eta batekoa. Horrela amaitu da lehenengo zatia. 

Aldageletatik bueltan, partidak beste erritmo bat hartu du. Eskoriatzak izan ditu aukerak, baina, Mondrate lehenengoko zatian baino erosoago aritu da. Horrela, lehen golaren jokaldiaren antzeko batean heldu da arrasatearren bigarrena. Hortik aurrera, aldrebestu egin da norgehiagoka; hasteko, txartel gorria atera diote Aratz Kortazar Eskoriatzako kapitainari kantxa erdian egindako falta arriskutsu batengatik. Ondoren, talde bereko atezaina ere kaleratu dute, beste sarrera gogor bat egin duelako. 

Azken minutuetan, ezinaren frustrazioa nabaritu dute etxekoek eta seigarren falta iritsi da. Zuzeneko jaurtiketa librea ezin hobeto aprobetxatu du Mondratek hirugarrena sartu eta partida erabakita uzteko. Azken segundoetan iritsi da Eskoriatzakoen ohorearen gola, bat eta hirukoa ezartzeko.

Bi taldeak sendo

Gaurkoaren ostean, bigarren postua berreskuratu du Mondratek eta hiru puntura du Tolosala sailkapenean. Azken denboraldietan igoeratik pausu batera gelditu dira etxekoak, eta, aurten, hori lortu nahi badute ezinbestekoa da horrelako partidak irabaztea. Eskoriatzaren kasuan, txukun hasi dute denboraldia, eta, porrot honekin, atzera pausu txiki bat egin arren, kopako play-off postuetatik puntu bakarrera jarraituko dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak