Badator maila nazionaleko bi taldeen arteko denboraldiko lehen derbia (domeka, 17:30), eta, Eskoriatza eta Mondrate kantxan batzen diren bakoitzean gertatzen den moduan, "oraingoan ere bete egingo dira harmailak, seguru", dio Eskoriatza-ko taldeko kapitain Aratz Kortazarrek. Sailkapenean aurretik doaz arrasatearrak, baina aldea
ez da handia, eta bi taldeek txukun hasi dute denboraldia. Hala, bai Kortazarrek eta baita Mondrateko jokalari Iker Uribesalgok "parekotasuna" berba erabili dute domekako partidura begira zer espero duten galdetzerakoan. "Halakoetan gertatzen den moduan, detaile txikiek erabakiko dute norgehiagoka, eta ea detaile txiki horiekin asmatzen dugun. Arrasatearrak gu baino apur bat hobeto daude, iaz erakutsi zuten aurrerapauso bat eman dutela, baina hau derbi bat da eta edozer gerta daiteke".
Eskoriatzari dagokionez, nahiz eta bi partidu galdu dituzten, Kortazarrek uste du taldeak ondo hasi duela liga. "Egia da buruan ditugun helburuen borrokan ibiltzeko irabaztekoa zen partiduren bat galdu egin dugula, baina liga hasieran gaude eta ikasteko balioko digu horrek. Taldea ondo ikusten dut, egia da baja garrantzitsu batzuk ditugula, baina jokalariak motibatuta ikusten ditut eta oso gogotsu gaude domekako partidura begira".
Txukun dabiltza biak
Puntu premia barik iritsi dira bi taldeak derbira, jakinda aurrealdean mantentzeko ezin dutela kalerik egin eta sailkapen
orokorretik harago urteko partidu garrantzitsu horietako baten aurrean daudela. Arrasatearrek irabazi egin zuten joan den
astean –11-3, Beti Arabaren kontra–, eta eskoriatzarrek liderraren kantxan galdu egin zuten –5-2 Tolosalaren kontra–. "Baina gure belarrietara iritsi zaigunez, eskoriatzarrek partidu oso txukuna egin zuten Tolosan; horrenbestez, porrot horri ez diogu aparteko garrantzirik ematen. Badakigu eskoriatzarrei euren kantxan irabaztea zaila izango dela, eta gauzak ondo egin beharko ditugula. Gainera, taldea ondo indartu dute aurten. Hala ere, oso motibatuta goaz", dio Uribesalgok.