Bailarako udalek garapenerako nazioarteko lankidetzara bideratzen dituzten partidak aztertu dituzte Debagoieneko gobernuz kanpoko zortzi erakundek, eta egiaztatu dute Udalak ez direla nabarmentzen "hain garrantzitsua den planetako herri pobretuenekiko elkartasuna adierazteko orduan". Azterketa hori Ams, Amsogra, Anelkar, Mundukide Fundazioa, Harreman, Hiruatx, Hotz-Oñati eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundeek egin dute, eta, ondorioztatu dutenez, honako hauek dira Debagoieneko herrietako udalek garapenerako nazioarteko lankidetzara bideratzen duten aurrekontuaren gaineko laguntzen ehunekoak: Aretxabaletan, %0,14; Arrasaten, %0,21; Bergaran, %0,09; Eskoriatzan, %0,12; Oñatin, %0,62; eta Antzuolan, Elgetan eta Leintz Gatzagan, %0,24.
Erakundeek jakinarazi dutenez, "Nazio Batuen Erakundeak 1972an adostu zuen estatuek aurrekontuen %0,7 herrialde pobretuenen garapenerako erabiltzea", eta, horrenbestez, Debagoieneko udalerri gehienak kopuru horretatik "urrun" daudela adierazi dute. Hala, udalei eskatu diete "plan bat egiteko, ahalik eta azkarren, %0,7ra irits daitezen"; argudiatu dute helburu nagusiak direla "mundu osoko pobrezia mota guztiak desagerraraztea" eta "gosea amaitzea, elikadura-segurtasuna bermatzea, desnutrizio mota guztiak ezabatzea eta nekazaritza jasangarria sustatzea".