Eusko Jaurlaritzako, Espainiako Gobernuko eta Enagaseko ordezkariak Bilboko portuan batu ziren astelehenean, Enagasek –Espainiako gasbideak kudeatzen eta eraikitzen dituen enpresa– Iberiar penintsulan hedatu nahi duen hidrogenoa garraiatzeko hodi-sarea aurkezteko.
Azpiegiturak hidrogenoa industrialde handietara garraiatzea izango du helburu, 2.600 kilometro luze izango da eta hamahiru autonomia erkidego zeharkatuko ditu; horietako bat izango da Euskal Autonomia Erkidegoa. 163 kilometro izango ditu EAEn eta 50 udalerri gurutzatuko ditu. Gipuzkoatik Debagoienean barrena igaroko da, eta bailaran egongo dira hodi-sareak lurraldean izango dituen 30 kilometroak. Elgetatik sartuko da eta Leintz Gatzagatik irten, tartean Bergara, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzatik igaroz.
Bidearen %80 egungo gasbideen albotik egingo da. 2028an hasiko dira eraikitzen eta, ondo bidean, erabilgarri egongo da 2030erako. 400 milioi euro inguruko kostua izango du. Imanol Pradales lehendakariak proiektuak deskarbonizaziora bidean duen garrantzia azpimarratu du: "Euskadiren apustu estrategikoetako bat da hidrogenoaren balio-katea garatzea". Horregatik, Eusko Jaurlaritzak haren zabalkundean lagunduko duela adierazi du, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, baina gaineratu du ezinbestekoa dela hodia Ipar Euskal Herrira zabalduko duen beste zati bat eraikitzea. Izan ere, Enagasen proiektuan, lotune bakarra agertzen da penintsularen eta Frantziaren artean –Katalunian–, eta Jaurlaritzak uste du oso garrantzitsua litzakeela hidrogeno irteera edo sarrera propioa izatea.
Informazio-saioak
Hodi-sarearen egitasmoa ezagutzera emateko, parte-hartze publikorako prozesua zabaldu du Enagasek, azpiegitura igaroko den udalerrietako administrazioek eta herritarrek ekarpenak egiteko edo alegazioak jartzeko aukera izan dezaten. Debagoienerako datak finkatu dituzte jada: abenduaren 2an informazioa emateko saioa egingo dute Bergaran; 3an, Arrasaten eta Oñatin; eta 4an, Aretxabaletan.