Proiektu aitzindari horrek 50 eta 70 urte bitarteko pertsona aktibo eta independenteak bilduko ditu, eta gelditzen diren apartamentuetarako lehentasuna 50-60 urtekoei emango zaie. "Denok gara oso autonomoak, baina elkarrekin bizitzea aukeratu dugu, babesa eta jarduera partekatuak izanik", azaldu du Laurak, bazkide eta bozeramaileak.
Jabetza pribatua izatetik harago, elkarlanean eta iraunkortasunean oinarritutako komunitatea da, bazkide norbanakoaren ezean, urbanizazio osoaren jabetza kooperatibarena izanik.
Espazio komunak oinarri
Lagungarrik 51 apartamentu izango ditu –logela bakarrekoak eta bikoitzak– baina proiektuaren bereizgarri nagusia espazio komun zabala da: garbitokia, coworking-a, gimnasioa eta ekitaldi-aretoa, sukalde industriala eta jangela, txokoa eta baita liburutegia ere. Lorategia eta baratze komunitarioa ere izango ditu lursailetik gertu, labore ekologikoak sustatzeko. "Etxebizitza tradizional batek eskaintzen ez dituen gune horiek bizi-kalitatea handitzen dute", adierazi dute bazkideek.
Aipatzekoa da Lagungarrik elikagaiak batera eta zuzenean erosteko prozesuak sortuko dituela, janari ekologikoaren eta zero kilometrokoaren aldeko apustua eginda.
Gainera, A kalifikazio energetikoa izango du, eta eguzki-plakak eta sistema jasangarriak erabiliko ditu –geotermia, aerotermia…–. Halaber, 24 orduko zaintza-zerbitzua egongo da, bazkideek behar duten unerako prest.
Antolaketa kooperatiboa
Arrasate Taldea kooperatibak euskarri tekniko, juridiko eta ekonomikoa eskaintzen dizkio proiektuari. Bestalde, komunitatea egituratzen duten ardatzak bazkideek beren interesen, kidetasunaren eta konpetentziaren arabera eraikitako lantaldeak eta batzar orokorra dira, eta erabakiak demokratikoki hartzen dira. Bizikidetza osasuntsua sustatu, gatazkak konpondu eta estatutuak sortzeko prestakuntza-saioak ere egiten dira.
KOMUNITATEA ETA ONGIZATEA EUSKADIKO LEHEN COHOUSING SENIORREAN
Hori guztia komunitateetako bazkideen arteko komunikazioa ahalbidetzen duten online baliabideen laguntzarekin doa aurrera.
Ordainketak eta gastuak
Lagungarri elkarteko bazkide izateko sarrera bat ordaindu behar da –45.000 eurotik aurrera–, aukeratutako apartamentu motaren, adinaren eta bizitzera sartzeko momentuaren arabera alda daitekeena. Ekonomia kooperatiboaren printzipioak jarraituz, ekarpen hori guztiz berreskuragarria da kooperatiba uzterakoan, borondatez edo oinordekoen bidez.
Bazkideek hileroko kuota bat ordainduko dute, kooperatibaren kredituari aurre egin eta espazio komunen eta horniduren gastuak barne hartuko dituena: gasa, argindarra, Internet azkarra eta partekatutako zerbitzu guztiak barne. Kuota horren zati bat berreskuragarria izango da.
Bizimodu jasangarria
Hiri handien eta bizitza azkarraren garaian, cohousing-ak herri espirituaren balioa berreskuratzen du: auzokidetasuna, laguntza eta eguneroko bizitza partekatua. Dena den, lotura erraza du hiriarekin: autobusek egunero hogei minutu baino gutxiagoan lotzen dute Murgia Gasteizekin.
Lagungarriren proiektua bizitza plaza handi baten edo espazio komunen inguruan antolatzen da, non harremanak, jarduerak eta ongizatea elkarrekin eraikitzen diren. "Guztia komunitatean pentsatuz egiten da, eta, beraz, norbanakoaren ongizatean pentsatuz", azaldu dute bazkideek.
