Behobia-Donostia lasterketa urteroko hitzordu kuttun dute Andoni Gomezek eta Nere Arregik. Iaz eurak izan ziren bailarak izan zituen 288 ordezkarietatik azkarrenak, baina aurten ez dira irteera puntuan egongo. Bergarakoak Antxintxika krosaren atarian GOIENAri adierazi zion lesio batetik errekuperatzen zebilela, eta, etxeko lasterketan parte hartzeari muzin egin ostean, domekan ere ez du Behobia-Donostian parte hartuko. "Badaezpada, ez arriskatzea erabaki dut".
Bergarakoari arraroa egingo zaio irteera puntuan ez egotea, 2013an lasterketa lehenengoz egin zuenetik (1.30.07) zortzi aldiz jantzi du-eta dortsala, eta iaz, Valentziako maratoia prestatzen zebilela marka polita egin zuen Donostian (1.07.65). Aurten ere maratoia egitea dauka buruan, eta horrek burua hotz izatea eskatzen du.
Duela hamar urte bezain ondo
Nere Arregik ere ez du etzi lasterketa egingo. Arrasatekoak guztira lau Behobia-Donostia egin ditu, eta iaz, duela hamarkada bat egindako marka onera gerturatzea lortu zuen. Izan ere, 2014an Arregi 17.a izan zen sailkapenean (1.21.55), eta joan den urtean hiru segundogatik ez zuen orduko marka gainditu (1.21.57). Asfaltoko ultra distantzian Munduko Txapelketan parte hartzea zer den badakien atletarendako, baina, atletismoa zaletasuna da, eta horrek ez du jaten ematen. "Banuen Behobia-Donostiako dortsala, baina saltzea erabaki dut. Txandaka nabil lanean, lanez lepo gabiltza, eta, zapatu goizean lan egiteaz batera, domeka gauean ere lanera joan behar dut. Horrenbestez, banabil korrika apur bat egiten, baina aurten dortsalak baztertuta ditut, ezin gara denera iritsi".