Egubakoitzerako eta zapaturako, Dena ematen dugu lelopean, 2025eko udazkeneko Elikagai Bilketa Handia egiteko hitzordua deitu du Gipuzkoako Elikagai Bankuak. Hala, milaka boluntario elkartuko dira Gipuzkoako komertzioetan Elikagai Bankuari laguntza eskaintzeko. Gipuzkoako Elikagai Bankuak Bergaran duen biltegiko arduradunetako bat da Jose Mari Beitia, eta, hark dioenez, "biltegiko apalak huts-hutsik" daude gaur egun. Elikagai Bankuaren eginkizuna garbi duela dio Beitiak: "Gipuzkoako jendeak ematen digun dohaintzak banatzea. Dohaintza asko dagoenean, asko banatzen dugu; gutxi dagoenean, gutxi".
Ez da Bergarako biltegia hutsik dagoen lehen aldia; izan ere, pandemia garaian ez zeukaten "bilketa fisikoa egiteko aukerarik, eta komertzio batzuek ez zuten bonuetako dirua onartzen". "Arazo handia" izan zen, baina lortu zuten egoera gainditzea.
Asteburura begira
Biltegiko apalak hustuta badaude ere, aurreko bilketetan jasotako "bonuekin" lortu dute, asteburua iritsi bitartean, beharra duten herritarrei elikagaiak ematea. Hala ere, biharko eta zapatuko bilketan apalak berriro ere betetzeko adina elikagai batzea espero du Beitiak: "Gure helburua urtero-urtero berbera izaten da; hau da, gipuzkoar bakoitzak kilo bat ematea. 730.000 pertsona inguru bizi gara probintzian; hortaz, kopuru hori kilotan jasotzea da helburua. Iaz 684.000 kilo batu genituen; helburutik nahiko gertu gelditu ginen". Bergarako biltegiaren kasuan, hilero, gutxienez, 3.000 kilo elikagai banatu behar izaten dute. Kopuru hori da gaur egungo hartzaile kopurua kontuan hartuta; hartzaile kopurua igoko balitz, elikagai kilo gehiago beharko lukete; jaitsi egingo balitz, berriz, gutxiago.
Boluntario izateko deia
Gipuzkoa osoan "2.000 boluntario inguru" egotea aurreikusten du Beitiak. Kopuru hori handiagoa izatea "denontzat hobea" izango dela dio Elikagai Bankuko kideak; izan ere, "zenbat eta jende gehiago egon, erreleboak orduan eta motzagoak izango dira". Parte hartu nahi duenak Gipuzkoako Elikagai Bankuko bulegora deitu beharko du, eta "han emango diote beharrezko informazio guztia". Alde horretatik, Beitiak ekimenean parte hartzeko dei egin die herritarrei: "Gustatuko litzaidake jendea etortzea ikustera zer lan egiten dugun, eta, noski, herritarrak boluntario lanak egitera animatzen badira, besoak zabalik jasoko ditugu denak".