UEFAko Eskualdeen Koparako sailkatzeko lehen fasean hamazazpi selekziok hartuko dute parte, bost taldetan banatuta, eta partiduak jokatuko dituzte Nafarroan, Gaztela-Mantxan, Gaztela-Leonen, Katalunian eta Aragoin. Euskal Selekzioa bigarren taldean dago eta honako selekzioen aurka arituko da: Errioxa, Balear Uharteak eta Gaztela-Mantxa.
Partidu horien prestaketa entrenamenduetan izango dira UDAko Ibarrondo, Madina eta Beloki –kontratu ez profesionala duten jokalariendako da deialdia– baina UDAtik adierazi dute astero aldaketak egiten dituztela deialdietan eta ezin dela ziurtatu txapelketa jokatuko dutenik. Dena den deitze hutsak poztu egin ditu kirol elkarteko kideak: "Harro gaude zuetaz, mutilak! Zorte on eta gozatu esperientzia!"
Behin lehen fasea amaituta, azaroaren 30ean, zortzi talde sailkatuko dira tarteko faserako; partidu horiek 2026ko urtarrilaren 28an eta 29an jokatuko dituzte. Ondoren, UEFAko Eskualdeen Kopa txapelketan Europako beste hainbat selekzioarekin batera zeinek jardungo duen nor baino nor gehiago erabakiko da otsailaren 27tik martxoaren 1era bitartean jokatuko den fasean.
Euskal Selekzioak orain dela 20 urte irabazi zuen txapelketa hori eta garaipena errepikatzea da helburua.