Zein neurritan izan da garrantzitsua ideiak jendeari gerturatzea, azaldutakoa ulerterraz egitea?
Hasieratik gure lehentasuna izan da, ia obsesio bilakatzeraino. Iurrebasoren doktore tesia dago liburuaren oinarrian, baina guk edozein euskaltzalek eroso irakurtzeko moduko liburua idatzi nahi genuen.
Euskararen datuak aztertzean joera kezkagarriak aipatzen dira, eta zuek "begiak zabaltzeko" gonbita egiten duzue; zer ez dugu ikusten?
Badaukagu planteamendu dikotomikoak egiteko joera: euskara ondo edo gaizki doa, edalontzia erdi hutsik edo erdi beteta dago; errealitatea konplexuagoa da. Liburuan, errotutako mitoak eraitsi ditugu, eta hauxe ondorioztatu: euskararen arazo nagusia ez dela erabilera, gaitasuna baizik. Zuzeneko konparaketa okerretan erori gabe, badaude erreparatu beharreko aldagai ugari: erosotasun maila edo testuingurua tarteko. Bestalde, hiztunen atxikimendua handia da: bost euskaldunetik bik korrontearen aurka egiten dute euskaraz.
Hiztunen bilakaeran, urteak aurrera joan ahala, euskararen gaitasuna kamusten doala azaldu duzue.
Euskaldunok eskailera mekanikoak behetik gora igo nahian gabiltza, baina hauek ez dute laguntzen gora egiten, goitik behera datoz. Leku berean gelditzea dakar. Erdara dira beherantz datozen eskailerak.
Maiz aipatzen dira migrazioaren erronkak; gutxiago aukerak. Zein gako ikusten dituzu euskara etorri berrien hizkuntza hautu erakargarri bilakatzeko?
Migrazio mugimenduak maiz hala irudikatzen diren arren, ez dira euskararen gaixotasuna izango, hala ere, egiturazko hutsuneak agerian uzten dituzte, erreproduzitu. Aukerei begira, migrazio mugimenduek, jaiotzak amiltzeko prozesua leundu dute, izan ere, euskararen indarberritze prozesuan, belaunaldi berriak izan dira itxaropena. Euskal Herrira iristen direnei harrera egiteko, errelato komun bat eraiki behar dugu, azalduz zergatik eta zertarako den garrantzitsua euskara ikasi eta erabiltzea. Ezagutzen ez badute, nekez babestuko baitute.
"Korrontearen aurka igeri jarraitzea baino gehiago, euskararen olatu berria behar da"
Liburuak, diagnostiko hutsa izatetik harago, aktibatzeko tresna izan nahi du; zein da erronka orain?
Badaukagu egiturazkoa den orubea, haren hutsune, zailtasun eta berritze premiekin. Diagnostiko egokietatik abiatuta, eta ez aurreiritzi eraiki okerretatik, ekin egin behar da. Kontakizun partekatu baten premia dago, zergatik? eta zertarako? galderen erantzunak elikatuko dituena. Korrontearen aurka igeri jarraitzea baino gehiago, euskararen olatu berria behar da.