Aurten hogeitahirugarrenez jarriko dituzte tokiko produktuekin osatutako saskiak salgai gabonetako garaian Xiberoko bi ikastolek: Alozekoa eta Eperrak, euskararen transmisioa eta hezkuntza proiektuak laguntzeko helburuarekin.
Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik, eta hizkuntza gutxitua izanik, etxeko transmisioa gero eta gehiago eteten ari da. Horren aurrean, ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzeko zeregin nagusia. Saski salmentek, beraz, helburu ekonomikotik harago, euskararen etorkizunerako konpromiso kolektiboa eta komunitatea saretzeko bidea dira. Pasa den urtean 2200 saski saldu zituzten, eta antolatzaileak pozik agertu ziren lortutako emaitzarekin.
Saskiak www.ikaskoli.eus webgunean eskuratu daitezke. Azaroaren 1ean ireki zuten eskaera epea eta azaroaren 23an izango da azken eguna. Banaketa eguna aldiz, abenduaren 12an egingo dela aurreikusten dute.
Hiru saski aukeran
Hiru saski dituzte aukeran eta produktu guztiak tokiko ekoizpen txikietatik datoz, kalitate handiko osagaiak izanik.
- Pettarra – 52 eurotan: Ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak eta pastak.
- Arbaila – 57 eurotan: Eztia, bixkotx artisanalak, kilo erdiko bi gazta zati, bixkotx gazituak, erreximenta, tisanak eta pastak.
- Basabürüa – 70 eurotan: Xerri patea, ardi gazta kiloa, lukainka idorra, eztia, piper-eztia, sagar zukua eta pastak.
Aurtengo berritasun nagusia da, Basabürüa saskia orain guztiz biologikoa dela. Aurrez produktu batzuk halaxe baziren, aurten produktu guztiak : patea, eztia, gazta, piper-eztia eta Aloze ikastolako haur eta gurasoek egindako sagar zukua osagai ekologikoekin sortu dira. Saski honek 550 ale mugatu izango ditu, tokiko laborariek ekoizpen mugatua dutelako.