Bergarak irabazi du oñatiarren aurkako derbi parekatua (23-24)

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko azaroaren 1a

Gaur eguerdian jokatu dute Zubikoa kiroldegiko kantxan Oñatiko Fagor Professionalek eta Bergarako Soraluce BKEk ligako partida. Lehia estua izan dute, baina azkenean, garaipena bergararrendako izan da. Partidaren azken hatsean, oñatiarrak hiru jokalari gutxiagorekin geratu dira epailearekin ika-mika izan ostean.

Debagoieneko bi taldeen arteko derbia estua izan dela azaldu dute Fagor Professionaleko Xabier Guridi eta Soraluce BKEko Joseba Elortza entrenatzaileek, eta horren adierazle da, besteak beste, partidaren atsedenaldira 10-11 heldu izana. 

Elortzaren arabera, Aloñak kontraeraso eta gol azkarren estrategia erabili dute, eta horren aurrean, bergararrek nahiago izan dute pase-luzeko jokoa egin. "Guri interesatu zaigun lekura eraman dugu partida. Beste norgehiagotako emaitzak ikusita, 30 gol baino gehiagoko partidetan erosoago aritzen direla esango nuke. Guk gure erritmora ekarri dugu partida eta gure jokoa egin dugu", dio Elortzak.

Guridik azpimarratu du taldean hainbat jokalarik lesioa dutela, eta horregatik, taldea "ez dagoela maila onenean": "30 goletik gora sartu ohi ditugu, baina azkenengo emaitzak ikusiz gero, 20 baino zertxobait gehiago sartzen ditugu. Ez dugu asmaatu goletan, baina defentsa ona egin dugu".

Defentsa lanei dagokienez, Bergarako entrenatzaileak bi taldeetako atezainen lana azpimarratu du: "Jaurtiketa asko geratu dituzte jokaldi garrantzitsuetan".

Datorren asteburuan izango dituzte bi taldeek neurketak. Fagor Professionalek Txingudi Goibarren aurka jokatuko du; Soraluce BKEk Ordizia Siglo XX Plater Prestatuak taldea hartuko du etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak