Domu Santu Eguna da, eta hildakoak gogoan izan dituzte bereziki gaurkoan herritarrek. Elkartasuna adierazteko modurik ohikoena hilarrietan loreak jartzea izaten da, eta aurreko egunetan, eta gaur bertan debagoiendarrek eraman dituzte lore-sortak, apaingarriak eta kandelak. Goizean goizetik ibili dira joan-etorriak egiten.
Adin guztietako herritarrek bisitatu dituzte hilerriak familian, lagunekin edota bakarrik. Hilerrian izan diren zenbait debagoiendarrekin egon da GOIENA eta gehienek adierazi dute ohitura dela gaurko egunez familian etorri loreak eramatea, nahiz eta zenbaitek urtean zehar ere bisita egiten duten. Gainera, askok ohitura dute aurreko egunetan hil-harriak txukundu, eta loreak jartzeko: "Bezperatik ibiltzen gara aurretik etorri, garbitu, eta lorak jartzera etortzen gara. Kanpotik ere jende asko etortzen da. Jende asko dago Oñatitik kanpo bizi direnak, baina senideak hemen dituztenak".
Iluntzera arte zabalik
Gaurko egunez, elizkizunak ere izan dira, eta hilerriak zabalik egongo dira iluntzera arte. Oñatin, Arrasaten eta Bergaran 20:00etara bitartean egongo da irekita hilerria. Oñatin herribusak han egingo du geldialdia. Herritar asko pilatzen den eguna izanik, Udaltzaingoak "norbere ondasunak zaintzapean mantentzeko gomendioa" egin du.
Arrasateren kasuan ere jarri dute herribusa, eta Gorostiza auzotik 18:00ak arte orduro aterako dira autobusak, 12:00etatik 15:00etara bitartean izan ezik.