Beldurrerako bai, baina baita joan direnak gogoan izateko gaua ere

Txomin Madina Milikua 2025eko urriaren 31

Batzuentzat Arimen Gaua, beste batzuentzat Gaba Baltza. Urriaren 31tik Azaroaren 1erako gaua berezia izan ohi da, eta hori horrela, gaur iluntzean askotariko ekitaldiak egin dituzte Debagoieneko herri gehienetan.

Arrasaten, esaterako, Biteri plazan Ilargitxori ongietorria egin ostean, trikitilariek eta txistulariek girotutako kalejiran joan dira ehunka lagun Monterroneraino. Eta behin hara heldutakoan, Arimen Biltzarra ospatu dute, Goikobaluko ume eta gaztetxoen kantuekin eta oihal-dantzarien ikuskizunarekin jantzita. Herriko auzo ezberdinetako osagarriekin osatutako edabe berezia prestatuaz borobildu dute ekitaldia.

Aretxabaletan, bestalde, arratsaldean zehar herriko gaztetxoak dendarik denda ibili dira gozoki eskean eta gero, 20:00etan, Gaba Baltzeko ekitaldi nagusia egin dute Herriko Plaza barrenean Loramendik antolatuta. Behin antzerkiarekin eta dantzekin osatutako saioa amaitutakoan,  gaztainak jateko aukera izan dute hala gura izan dutenek.

Eskoriatzan, aldiz, beldur harrapakariek haur zein helduen beldurrak harrapatu dituzte. Gorosarri dantza taldekoen ikuskizuna ez da falta izan, ezta zezensuzkoaren agerraldia ere.

Aramaion eta Antzuolan, hilerritik herrira

Aramaion bereziki landu dute aurtengo Gaba Baltza. Kanposantutik Bizente Goikoetxea plazarainoko ibilbidea egin dute herritarrek , sorpresaz beteta egon de ibilbidea. Plazan, dantzan eta kantuan egin ostean, edabe magikoa edan dute.

Antzuolan ere hilerritik herriko plaza nagusiraino bidea egin dute hainbat herritarrek arropa zaharrak soinean eta kandelak eta kalabazak eskuetan. Bertan, beldurrak sutan erre dituzte abesbatzaren doinuek lagunduta.

Bergaran, Leintz Gatzagan eta Elgetan ere bai

Bergaran, Gau Beltzaren bueltakoak gozoak izan dira: arratsaldean zehar gozoki, intxaur edo hur eske ibili dira gaztetxoak herriko komertzioetan eta gero, txokolate-jana egin dute San Martin plazan. Behin tripa ondo beteta, kalejiran irten dira Bergarako Musika Eskolakoen laguntzarekin.

Leintz Gatzagan, aurpegiak margotu eta kalera irtenda, oka jolasean aritu dira. Gero, Toki-Eder elkartean afaria egin dute, arratsaldean zehar eskatutako gozokiak ere menuaren parte izan direlarik.

Eta Elgetan, Frontoi zaharrean egin dute Gau Beltzeko jaian, umeek abestu eta dantzatu egin dute adinka antolatutako taldeetan. Nagusienek, aldiz,  bertsoak abestu dituzte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak