Nazio Batuen Erakundeak Kooperatiben Nazioarteko Urtea izendatu du 2025. urtea, Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute leloarekin. Euskadin kooperatibismoa sustatzeko eta zabaltzeko lanean erreferentzia den Kooperatiben Kontseiluak izendapen hori baliatu nahi izan du balio kooperatiboak zabaltzen jarraitzeko, aliantza globalak indartzeko eta pertsonak erdigunean jartzen dituen enpresa-ereduaren aldeko hautua berresteko. Kooperatiben Kontseilua sinistuta dagoelako kooperatiba gehiagok berdintasun gehiago esan nahi duela: "Imajinatzen duzu lan egiten duzun enpresako erabakietan parte hartzea, berdintasuna eta enplegu egonkor zein kalitatezkoa ziurtaturik egotea eta ingurunearekin konpromisoa izatea? Enpresa hori existitzen da, kooperatiba da. Balioak dituen enpresa".
KOOPERATIBISMOAK INDARRA DUEN EREMUETAN BERDINTASUN HANDIA DAGO
Hiru milioi kooperatiba munduan
Debagoienarekin lotura estua duen gaia da kooperatibena, baina munduan zabalduta dagoen eredua ere bada: 1844an sortu zen lehenengo kooperatiba, Erresuma Batuan, Rochesterren. Lehen esperientzia hartatik hainbatek hartu dute kooperatibaren bidea. World Cooperative Monitor zentroak emandako datuen arabera, hiru milioi kooperatiba inguru daude guztira munduan eta biztanleriaren %12 kooperatibista da; Europako Batasunean, berriz, 250.000 kooperatibista. Euskal Autonomia Erkidegoan 1.903 kooperatiba daude, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) 2024ko azaroan argitaratutako datuen arabera. Hala, probintziaka banatuta, Gipuzkoan 841 kooperatiba daude, Bizkaian 794 eta Araban 248.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroak 2025eko martxoan argitaratutako datuek diotenez, 201 kooperatiba daude Debagoienean, eta horietako gehien biltzen dituen herria Arrasate da: 85 kooperatiba. Oñati da bigarrena, 39rekin, eta ostean datoz Aretxabaleta eta Bergara, hurrenez hurren, 26 eta 25 kooperatibarekin. Eskoriatzan 11 kooperatiba daude; Aramaion, 6; Antzuolan, 4; Elgetan, 3; eta Leintz Gatzagan, aldiz, 2.
ERKIDEGOAN 1.903 KOOPERATIBA DAUDE GAUR EGUN; GIPUZKOAN 841 ETA DEBAGOIENEAN 201
EAEn 1903 daude; Gipuzkoan, 841
Euskal Herriko kooperatiba mota gehienak lan elkartukoak dira. Estatuko erkidegoei erreparatuz gero, EAEko eta Nafarroako lan elkartuko kooperatibak batuta, kopuru aldetik laugarren geratuko litzateke Hego Euskal Herria. Debagoieneko herri guztietan daude kooperatibak, Euskadiko Kooperatiben Erregistroak 2025eko martxoan argitaratutako datuen arabera; Arrasate da kooperatiba gehien dituen herria, 85 kooperatibekin; eta, ondoren, Oñati dago. Bailaran enplegu osoaren %41,7 osatzen dute kooperatibek. Erkidegoko ehuneko handiena da hori, eta sailkapenean hurrengokoak diren Bizkaia-Kostarekin eta Tolosa-Goierrirekin alderatuta, ia lau aldiz gehiago da.
MONDRAGONen esperientzia
MONDRAGON Taldea da esperientzia kooperatiboaren adibide garbienetako bat. 92 kooperatibak osatzen dute MONDRAGON Taldea, horietatik 30 bat daude Debagoienean, eta 70.085 langile ditu. Fakturazioari dagokionez, 2024an 11.213 milioi euro lortu zituen MONDRAGON Taldeak orotara. Lau sektoretan dihardu lanean Mondragon Taldeak: Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza. Finantzetan, Laboral Kutxa eta LagunAro (Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak) daude. Banaketan, Eroski eta Ausolan dira ezagunenak, baina badira ere lehen sektorerako lan egiten duten Behi Alde, Miba eta Barrenetxe, besteak beste. Industrian, bederatzi dibisiotan –automozioa, eraikuntza, makina-erreminta, osagaiak, ingeniaritza eta zerbitzuak, besteak beste– elkartzen dira beste 60 bat kooperatiba.
EKINTZA SOZIALERAKO 50 MILIOI EURO BAINO GEHIAGO BIDERATZEN DITU MONDRAGONEK
Eta, laugarren sektorean, ezagutzaren arloan biltzen dira hezkuntza eta berrikuntza lantzen duten kooperatibak. "Oso zabala da aktibitateen esparrua MONDRAGON Taldean, ia bizitza osorako ibilbide kooperatiboa egiteko modukoa, hasierako zaintza eta heziketa, ikasketak gero eta lana ondoren", adierazi du MONDRAGON Taldeko komunikazio arduradun Javier Marcosek.
Nazio Batuek aurtengoa Kooperatiben Nazioarteko Urtea izendatu izana poztekoa dela dio: "Kooperatibek mundu hobe bat sortzen laguntzen dute. Hori da urte kooperatibo honen leloa. Eta Mondragon moduko esperientziak erakusten du badela beste modu bat, enpresa egiteko modu arduratsu, demokratiko, lehiakor eta iraunkor bat. Eta baliozko eredua dela, indartsua, solidarioa, gizarteari lotua eta etorkizuneko mezua bere baitan dakarrena. Eta hori bada ospatzeko modukoa!".
Aberastasunaren banaketa
Kooperatiba eredua nagusi den lurraldeetan aberastasuna modu orekatuagoan banatzen dela egiaztatzeko GINI indizea aipatzen du Marcosek: "Ikuspegi horretatik, munduko lurralde orekatuenetako bat gara. Euskadi oso aurreratuta dago diru-sarreren banaketan dagoen desberdintasuna neurtzen duen GINI indizean". GINI delako indizea zerotik 100era bitarteko eskala batean adierazten da, non zerok berdintasun perfektua adierazten duen –denek diru sarrera berberak izango lituzkete– eta 100ek desberdintasun handiena adierazten duen –pertsona bakar batek diru sarrera guztiak ditu eta besteek ez dute ezer–. Gipuzkoa Finlandiaren (27,6) eta Norvegiaren (27,6) aurretik dago, eta oso urrun dago Es painiatik (34,7) edo AEBetatik (41,7): "MONDRAGON Taldeko kooperatibek nabarmen laguntzen diote adierazle horri, errenten banaketa homogeneoaren bidez, gizarte kohesionatuagoak eta homogeneoagoak sortuz". Bestalde, Giza Garapenaren Indizea (GGI) ere aipatu nahi izan dute MONDRAGON Taldetik: "Munduko lekurik garatuenen lehenengo hamar postuetan gaude".
92 KOOPERATIBA DAUDE GAUR EGUN MONDRAGON TALDEAN, ETA 70.085 LANGILE GUZTIRA
Giza Garapenaren Indizea (GGI) Nazio Batuen Garapenerako Programak (NBGP) formulatutako adierazlea da, eta hainbat herrialdetako garapen-maila neurtzeko eta alderatzeko aukera ematen du: pertsonen ongizatearen eta bizi-kalitatearen ikuspegi osoagoa ematen duen adierazlea da, zifra ekonomikoetatik harago, hezkuntza eta osasun-alderdietan zentratuz. Eustaten arabera, Euskadi munduko top ten horretan dago ranking horretan, 0,936 indizearekin, Danimarka, Finlandia, Japonia eta AEBen aurretik. "Lorpen horretan ere kooperatibek ekarpen esanguratsua egin dute".
Berrikuntza eta ekarpen soziala
Marcosek berresten duenez, "oso garrantzitsua" da MONDRAGON Taldeak berrikuntza arloan egiten duen apustua: "Guretzat berrikuntzak oso garrantzitsua izaten jarraitzen du, eta horren erakusgarri dira Ikerketan eta Garapenean lanaldi osoan diharduten 2.072 pertsonak. Gainera, 2024an ikerketara eta garapenera bideratutako baliabideak 201 milioi eurokoak izan ziren, eta indarrean zeuden patente-familiak 382 ziren; kopuru hori oso adierazgarria da Euskal Autonomia Erkidegoaren batez besteko datuarekiko".
ULMA TALDEAREN BEDERATZIA KOOPERATIBETAN IA 6.000 LANGILE DAUDE GAUR EGUN
Ekintza sozialerako, berriz, 50 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu MONDRAGONek: "Landu ditugun esparru nagusiak osasuna, ongizatea eta kirola, euskara, pobrezia eta inklusioa, klima eta biodibertsitatea, eta kultura izan dira". Hori guztia aintzat hartuta, argi dio Marcosek eredu kooperatiboa dela etorkizuneko eredua: "Lurralde bizigarriagoak eta kohesionatuagoak egiten laguntzen du kooperatibismoak; horregatik da etorkizuneko eredua".
ULMA Taldean, ia 6.000 langile
1957an eman zituen lehen urratsak gaur egun ULMA Taldea denak –1992an sortu zen ofizialki ULMA Taldea bezala–. Bederatzi kooperatiba industrialek osatzen dute egun eta 2024an 5.747 langile zituen. 2022ko abenduan, MONDRAGON Taldearekin harremana aztertu ondoren, bazkideek gehiengo handi batez erabaki zuten MONDRAGONetik irtetea, besteak beste, euren estrategia propioa indartzeko. Hori bai, ULMA Taldeak kooperatiba-printzipioak eta ekonomia sozialaren balioak mantentzen ditu, hasierako filosofia kooperatiboari eutsiz. U
LMA Taldeak baditu hamaika indargune. Hasteko, kooperatiba eredu sendoa dauka, langileen parte-hartze eta konpromiso oso altuarekin. Bederatzi kooperatibatan negozioa dibertsifikatua izateak, gainera, arrisku ekonomikoak txikitzen dizkio nabarmen, eta egun duen nazioarteko presentzia handiak –fakturazioaren %70 eta %75 artean atzerritik dator– Europan, Amerikan eta Asian filial propioak izatea ahalbidetzen dio. Gainera, berrikuntzaren kultura oso sustraituta dago ULMAn; 2024an %38 hazi zen arlo horretarako inbertsioa, automatizazioa, adimen artifiziala eta digitalizazioa lehenetsiz.
KOOPERATIBISTA GAZTEEN LEHEN TOPAKETA ANTOLATU DUTE AZAROAREN 20RAKO, BILBON
'Kooperatibismoa 5.0' kontzeptua
Kooperatibismoak etorkizunerako dituen erronkei dagokienez hiru multzo nagusi bereizi daitezke: erronka teknologiko-digitalak, erronka energetiko-klimatikoak eta erronka sozialak.
Gainera, gero eta gehiago erabiltzen den terminoa da Kooperatibismoa 5.0 izenekoa; lau lan-ildo nabarmentzen dituzte: teknologia berrien erabilera gizakien ongizaterako; komunitate eta lurralde jasangarriak sustatzea; ekonomia produktiboaren eta sozialaren arteko zubiak eraikitzea; eta, azkenik, balio kooperatiboen eguneratzea, belaunaldi berriek euren modura bizi ditzaten. Belaunaldi berrien artean balio kooperatiboak eguneratzeko ahaleginean, adibidez, gazte kooperatibistak protagonista izango dituen Koopaketa egitasmoaren lehenengo saioa egingo da, Bilboko Dock espazioan, azaroaren 20an, Konfekoopek eta Kooperatiben Kontseiluak antolatuta.
Elkartasuna ere kooperatiben

DNAn Kooperatibismoaren oinarrizko balioetako bat da elkartasuna, funtzio sozialaren eta lankidetzan oinarritutako ereduaren erakusle. Eta kooperatibak eurak elkartasunetik protagonista diren ekitaldien artean badago berezia den bat, Mundukidek antolatzen duen kooperatiben lasterketa solidarioa. Hamargarren edizioa bete du lasterketak aurten, inoizko parte hartze handienarekin: 432 parte-hartzaile, Euskal Herriko 30 kooperatibatatik etorritakoak.
Mundukideko ordezkariak oso pozik daude ekimenarekin, eta, diotenez, kooperatibismoa "mundua ulertzeko modu bat" da: "Kooperatibismoa ez da egiteko modu bat soilik, mundua ulertzeko modu bat ere bada, zuzenagoa eta solidarioagoa. Balio horiekin lan egiten dugu, herrialde pobreetako milaka pertsona garatzeko eta eraldatzeko tresnak ematen".
