Bi hamarkada betetzear, Antxintxika krosak 400 korrikalari batuko ditu bihar

Xabier Urtzelai 2025eko urriaren 31

Ainara Uribarri oñatiarra, iazko helmugan.

Bihar, zapatua, 19 urte beteko ditu Soraluze eta Bergara batzen dituen 10 kilometroko lasterketak. Iazko irabazle Ekain Larrea ez da irteera puntuan izango, eta Ainara Uribarrik azken orduan erabakiko du txapela defendatu edo ez. Gaur gauerdian amaituko da izena emateko epea, kirolprobak.com helbidean.

Zapatuan 400 korrikalari inguruk hartuko dute esku Antxintxika krosaren 19. edizioan, eta azken orduan ibiltzen diren horiek oraindik hainbat ordu dituzte izena emateko, gaur gauerdian amaituko da izenemate epea.

Faboritoen multzoa

Zerrendari errepasoa eginda, iazko irabazle Ekain Larrea (30.47) ez da irteera puntuan egongo. Antzuolarrak Donostiako 15K lasterketa irabazi zuen joan den asteburuan, eta, sasoian dagoela erakutsita, biharkoa neurrira egindako lasterketa izango zuen. "Baina domekan Lasarteko krosa egiteko asmoa daukat, eta bezperan ezin dut beste lasterketa bat egin; horrenbestez, aurten kale", adierazi dio GOIENAri.

Ekain Larrea: "Domekan krosa daukat Lasarten, horrenbestez, aurten kale egingo dut"

Emakumezkoetan iaz nagusitu zen Ainara Uribarri (38.56) zerrendan dator, baina aitortu du azken momentuan erabakiko duela lasterketan izango den edo ez: "Lasterketan egoteko gonbidapena jaso dut, eta azken momentuan hartuko dut erabakia. Mendiko lasterketetan ibili naiz buru-belarri, eta niretako urri hasieran amaitu zen denboraldia. Ondoren, geldialditxo bat egin nuen, eta berriro ere hasi naiz poliki-poliki en-trenamenduetara itzultzen; alegia, datorren denboraldia prestatzen. Oso lasterketa aproposa da, hasierako aste hauek zelakoak izaten dabiltzan ikusteko, zein erritmotan nabilen ikusteko. Lasterketara joaten banaiz, lehiatzera joango naiz, eta iazko nire marka hobetzen saiatuko naiz, baina egia da ez dudala lasterketa propio prestatu". Oñatikoak lehiatzea erabakitzen badu, badaki etxean moduan sentituko dela. "Nire bikotekidea Bergarakoa da, lagun artean izango naiz, eta bai, etxean korrika egitea modukoa izango da". Datozen hilabeteotan dituen helburuen gainean galdetuta, oñatiarrak Gasteiz aldean du hurrengo erronka: "Abenduan asfalto gaineko maratoi erdia daukat gorriz markatuta; iazko marka hobetu egin gurako nuke, eta ondoren, mendiko lasterketetako denboraldia hasiko dut".

Ainara Uribarri: "Joaten banaiz, iazko marka hobetzera joango naiz, lehiatzera"

Aurpegi ezagun asko

Iaz podiumera igo ziren lagunen artean Andoni Gomez (32.33) bergararra eta Aitziber Urkiola (40.09) ere zerrendan datoz, eta, azken ordukorik ez badago, lasterketa hainbatetan irabazi duen Aitor Mimentza (31.14) ez da irteeran izango, ezta iaz bigarren sailkatu zen Nerea Baena (39.45) ere. Hala ere, Uribarri moduan, iaz gizonezkoetan debagoiendar onena izan zen Gomez zalantzatan dago: "Pentsa, asteazkena da eta oraindik ez dut erabakirik hartu. Min hartuta ibili naiz eta azken bi asteak geldirik egin ditut. Valentziako maratoira joateko asmoa neukan, eta gainera etorri zait lasterketa. Egia da Antxintxika krosa etxeko lasterketa dela, asko gustatzen zaidan proba dela, eta horrek animatzen nauela parte hartzera. Ez naiz lehiatzera irtengo, txukun samar egitea izango da helburua".

Andoni Gomez: "Pare bat aste daramatzat geldi, min hartuta. Ea azken orduna zer erabakitzen dugun"

Bestelako helburuekin

Haiekin batera, aurrealdekoen borrokan ibiltzeko gaitasuna duten baina lasterketa beste helburu batekin egingo duten bi lagunekin ere izan da GOIENA: Garazi Abasolo aretxabaletarra eta Endika Donnay arrasatearra. Arrasatekoak dozena bat Antxintxika kros egin ditu, askotan izan da bost onenen artean, eta hirutan igo da podiumera.

Endika Donnay: "Aita izan naiz abuztuan eta beste ardura batzuekin nabil. Anaiarekin egingo dut lasterketa"

Hala, aitortu du badabilela korrika, baina helburu apalagoekin: "Beste asmo batzuekin joango naiz bihar. Anaiak eskatu dit lasterketa harekin egiteko, eta baiezkoa eman diot; horrenbestez, elkarrekin egingo dugu. Abuztuan, gainera, aita izan nintzen, eta beste ardura batzuekin nabil. Esango nuke sasoian nagoela, banabil korrika, baina ez daukat Behobia-Donostiara edota Donostiako maratoira joateko asmorik. Ea udaberrirako helbururen bat jartzen diogun geure buruari". Abasoloren kasuan, aretxabaletarra mendi lasterketetan nabarmentzen bada ere, Bergarara urtero beste helburu batzuekin joan ohi da: "Antxintxika krosa lagunekin egiten dut, ez naiz lehiatzera joaten. Gainera, kuadrillako batzuk boluntario ibiltzen dira lanean, eta ondoren afaltzeko batzen gara denak. Azken batean, asfaltoan ibiltzen ez banaiz ere lasterketa hori lagunartean egoteko aitzakia paregabea da". Gainera, Aretxabaletatik kuadrilla politak etortzen dira, hain zuzen, Antxintxikako kide zen Mikel Crespo omentzera.

Garazi Abasolo: "Antxintxika krosa lagunartean egiten dut, afaltzera joaten gara gero"

Aipatutako lagunak nabarmentzeaz batera, beste asko ere azpimarra daitezke; esaterako, Mikel Mujika triatleta bergararra eta duela aste gutxi Hiru Haundiak mendi lasterketan podiumera igo den Andoni Azkarate arrasatearra. Lasterketan erakutsiko dute bakoitza zein helbururekin doan.

Dortsalak, Seminarixoan

Bihar dortsalak jasotzeko aukera bakarra izango da, Seminarixoan egongo den postuan. Eta izena ematen duten guztiek izango dute automatikoki Soraluzeko irteera puntura autobusean joateko aukera. Ibilbideari dagokionez ez da aldaketarik egongo eta ordutegiak ere iazkoak dira: 15:15ean gaztetxoendako lasterketak egingo dituzte Bergaran, 16:30ean handbikekoen irteera izango da, 16:45ean irtengo dira patinatzaileak eta 17:00etan irtengo dira korrikalariak. GOIENAk lasterketak emandakoa jasoko du goiena.eus-en, eta asteleheneko (20:00 eta 22:00) Harmailatik saioa lasterketaren gaineko berezia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak