Debagoieneko euskara elkarteak, udalak eta GOIENAko lan-bazkideak dira GOIENA KOMUNIKAZIO TALDEAren jabeak, eta horrek egiten du bitariko kooperatiba edo kooperatiba misto. Irabazi-asmorik gabeko enpresa ere bada; beraz, ezinbestekoa du ekonomikoki bideragarria izatea. Hau da, kudeaketa ekonomiko zorrotza egitea, sarrerak gastuak baino handiagoak izan daitezen. Era berean, lortzen dituen irabaziak ezin ditu jabekideen artean banatu; beti proiektuan inbertitu behar ditu. Haren izaera eta helburua komunitarioa baita, eta ez partikularra.
Ideia horrekin jaio zen 2000. urtean eta ideia horrekin jarraitzen du 2025.ean. Zehatzago mintzatu da Mondragon Korporazioan Heziketa Kooperatiboko arduradun Iñigo Iñurrategi: "Debagoieneko herrietan erro sendoak zituzten komunikabideen lanari segida emateko helburuarekin sortu zen GOIENA, eskualde mailako proiektu komunikatiboa indartu eta garatzeko helburuarekin".
Kooperatiba gisa antolatzearen alde egiteak, Iñurrategiren ustez, lotura du balio eta tradizio jakin batzuekin: "GOIENAren izaera kooperatiboak bi iturburu historiko eta kulturaletatik edaten duela esan daiteke: euskalgintza kooperatibotik eta enpresagintza kooperatibotik. Bi korronte horiek, azken finean, arro berean bat egiten dute: herrigintza kooperatiboan".
Herri ekimenaren adibide
Ereduak bazeuden; adibidez, 60ko hamarkadan sortutako Ikastolak eta 1958an sortutako Mondragon Korporazioa. Baina hedabideen munduan aitzindaria izan zen GOIENA, orduko zuzendari nagusi Mikel Irizarrek gogora dakarrenez: "Debagoieneko herrietako komunikabideak herri-ekimenetik sortu ziren, euskara elkarteen eta kultura elkarteen eskutik. GOIENA sortzerakoan egitekoak ginen eskualde mailarako saltoa erronka handia zen, eta tamainako baliabideak behar genituen. Hori udalek bermatu zezaketen; beraz, zubiak eraiki behar genituen, historikoki erakundeek eta gizarte ekimenek interes kontrajarriak izan zituztela jakinda. Udalen konpromiso sendoa behar genuen, urtetik urterako dirulaguntza hitzarmenetatik harago zihoana. Konfiantza-esparru bat, elkarrekin gobernatu eta elkarren berri jakiteko".
Kooperatiben Legea "garai hartan orain baino zurrunagoa" zela kontuan hartuta, urtebeteko lana behar izan zuten GOIENAren estatutuak eta egitura juridikoa definitzeko: "Ikuspuntu iraultzailea zen gurea, eta asko bortxatu genuen Kooperatiben Legea, nahi genuenari bide eman guran. Kostata, baina lortu genuen oinarri sendoa jartzea. Bazkide nagusi gisa bailarako bederatzi euskara elkarteak –%54ren jabe dira– izendatuta, aniztasuna ematen genion proiektuari. Udalek, bestalde, erresistentziaz jokatu zuten hasieran, ordezkari politikoei berria egiten zitzaielako kooperatiba bateko bazkide izatea. Baina, azkenerako, bederatzi erakundeek eman zuten baiezkoa; hala, GOIENArekin konpromiso indartsua erakutsi zuten, eta, trukean, erabakiguneetan parte hartu eta informazio gardena jasotzen zuten", azaldu du Irizarrek.
Editorial independentea
Hala, kudeaketaren alorrean sinergiak batzen dituzte lan-bazkideek, euskara elkarteek eta udalek. "Errektore Kontseiluan eta urteroko Batzar Nagusian elkartzen gara, plan estrategikoa eta kudeaketa plana elkarrekin egiteko", aipatu du egungo zuzendari nagusi Iban Arantzabalek. Segidan, ildo editoriala "independentea" dela azpimarratu du: "Bazkide horiengatik eta, zer esanik ez, bestelako kooperatiba guztiengatik… behar dugu kooperatiba independente bat editorialean, ze, adibidez, GOIENA Mondragon taldearen barruan balego, Fagor Etxetresnen itxiera ezingo genuke independentzia osoz informatu. Norbaiti zerbait zor badiogu, irakurle, entzule eta ikus entzuleei da. Haiei zor diegu gure jarduna, informazioa ahalik eta jende gehienari heltzeko lan egiten dugulako, ahalik eta modu sinesgarrienean. Guk sinisten dugu hedabidegintza ildo editorialean independentea bada bakarrik egin daitekeela".
GOIENA hedabidea den heinean, Arantzabalek dio komunitateari begira sortutako proiektu komunikatibo ugari daudela munduan, baina GOIENAk baduela ezaugarri bat berezi egiten duena: enpresa egitura. "Oso ohikoa da hedabideak sozietate anonimoak edota sozietate mugatuak izatea eta euren egunkarien mantxetak, goiburuak, editorialak, norbaiten jabetzakoak izatea. Irakurleak jabearen izena irakurtzerakoan, alderdi politiko edo ildo editorial konkretu batekin lotu dezake, kapitalaren ikuspuntutik. Bada, ez da gure kasua. GOIENAren kapitala Debagoienean dago sustraituta, euren buruaren eta euren enpresaren jabe diren langileek eramaten dute aurrera eta enpresarekin zerikusia daukan informazio guztia modu gardenean jasotzen dute, euskara elkarteek eta udalek jasotzen duten moduan".

Autonomia oinarri
Izaera horrek, Iñurrategiren esanetan, "autonomiaz" janzten du GOIENA, "ekonomian, gobernantzan eta komunikazioan".
Ekonomiari begira, uste du GOIENAren eredua "exijentea" dela, "astero, hilero eta urtero, profesional talde esanguratsu baten ordainsariak bermatzeko lan zorrotza egin behar delako autogestioan, diru sarreren dibertsifikazioan eta produktuen zein zerbitzu berrien sorreran". Ondorioz, "ezinbestekoa" deritzo lankideak jabekide eta erantzule diren heinean "proiektuarekiko erantzukizuna eta autoexijentzia" izateari.
Gobernantzan, ostera, autonomia antolaketa kooperatiboaren bidez lortzen duela adierazi du: "Interes komunitarioa eta interes indibiduala uztartzen dituen egiturekin, eta erabakien erantzukidetasuna bermatzen duten mekanismoekin". Eta, autonomia komunikatiboari dagokionez, "iritzi ildo propioa" mantenduz, "herritarron iritzi aniztasuna bermatuko duen praktika eta mekanismoekin. Hortaz, hiru hanka horiei esker da GOIENA moduko proiektu komunikatibo bat kooperatiba", ondorioztatu du Iñurrategik.

Eskuz esku, eskualdez eskualde
Herri mailan antolatzetik eskualde mailan antolatzera pasatzeak lagundu egin zuen, Arantzabalen arabera, "gauzak ahalik eta eraginkorren" egiteko orduan. Apustu hark "funtzionatu" egin zuen hasieratik, eta "inspiratzaile" izan da Euskal Herriko beste eskualde batzuetan sortu diren proiektu komunikatiboentzat. Hala ere, Arantzabalek argi du eskualde bakoitzak "bere eskualdeko ezaugarriei" egokitutako kooperatiba behar duela, eta GOIENA euskarazko tokiko hedabide lokalei laguntzeko dagoela: "Debagoienean oso ondo funtzionatzeak baina horretan geratzeak ez lieke mesede handirik egingo euskaldunei. Beraz, komeni da beste eskualde batzuetara zabaltzea. Tokian tokiko eredua sortzea da inportanteena; izan ere, inor ezin da joan eskualde batera esanaz ze eredu sortu behar duten. Baina argi dagoena da eskualde mailan aritzeak eragiten duela hedabideak komunitatean inpaktu handiagoa izan dezan. Herri mailako hedabideek muga batzuk dituzte; talde txikiak direnez, zail izaten dute kontu batzuetara iristea. Hainbat herritakoak izateak kudeaketan eta lan baldintzetan hobekuntzak ekartzen ditu, audientziak igo egiten dira, kazetaritza hobea egiten da, euskarazko lan hobeak… Kudeaketa aurreratuagoa, azken finean".

Hobekuntza hori erakusten duten hainbat komunikabide aipatu ditu: "Esaterako, Durangaldeko Anboto, Nafarroa iparraldeko Ttipi-Ttapa eta Urola bailarako Guka". Era berean, gaur-gaurkoz, badaude bateratze prozesuan dauden hainbat komunikabide: "Debabarren mailan badabiltza lanean, zerbitzu hobea eskaintzeko helburuarekin".
Eskualdez eskualde saretzeko egiteko horretan, konturatu ziren proiektu guztien elkargune bat behar zutela, eta horrela sortu zen Tokikom, duela hamar urte: "GOIENAtik asko bultzatu genuen proiektua, eta oraindik bultzatzen dugu. Harro gaude egiten diren urrats guztiez. Asmatu ez balitz, asmatu egin beharko litzateke".
Tokikomen aterpean Euskal Herri osoko 78 toki komunikabide daude gaur egun, eta "inoizko igurtzi handienaz" jarduten dute elkarren artean. Izan ere, gero eta tresna eta inbertsio gehiago partekatzen dituzte proiektuek, antzeko norabidea darabilte, eta, ondorioz, "gero eta antz handiagoa" dute elkarren artean.
Etorkizuna marrazten
Tokiko hedabide sareak erronka handia dauka gaur egun esku artean: Euskal Herri mailako bateratze baterako aukerak esploratzea, enpresa egituran, duela 25 urte GOIENAk eskualde mailan egin zuen bezala: "Izan ere, kudeaketarekin lotutako kontu batzuk zentralizatzen baditugu, hobeto, azkarrago eta kalitatea handiagoarekin jardun ahal izango dugu".
Hartara, tokiko euskal hedabideek aukera hobeak izango dituzte euskarazko kazetaritza etxe guztietan sar dadin.
Zer esan nahi du bitariko kooperatiba ereduak?

IBAN ARANTZABAL
GOIENA-KO ZUZENDARI NAGUSIA
"Norabidea denok batera adostu ahal izatea"
"Formatu horrek GOIENAko aginte organoetan Debagoieneko komunitate osoa ordezkatuta egotea eragiten du. Bestetik, informazioa ematerakoan edota erabakiak hartzerakoan, enpresari gardentasuna ematen dio. Eta lan-bazkideekin batera GOIENAren jabeak udalak eta elkarteak izateak norabidea denon artean adostea dakar. Kudeaketa alorrean ere hiru aldeak batera gaude, plan estrategikoa eta kudeaketa plana partekatuz. Hala ere, ildo editoriala independentea da".

IÑIGO IÑURRATEGI
HEZIKETA KOOPERATIBOAN ADITUA
"Gobernantza ereduan, herritarron enpresa izatea"
"Ekonomia arloan enpresagintza kooperatiboa arrakastaz garatu da Euskal Herrian. Arrasaten, korronte horretan, interkooperazioa nabarmendu da, erakundeen arteko lankidetza artikulatzeko gaitasuna. Bi tradizio horien eskutik sortu zen GOIENA; enpresa bat da, baina bere gobernantza ereduan, Batzar Orokorrean eta Kontseilu Errektorean, herrietako euskara elkarteek, udalek eta Goienako lan-bazkideek partekatzen dute erabakimena. Funtsean, herritarron enpresa da".
MIKEL IRIZAR
GOIENA-KO LEHEN ZUZENDARI NAGUSIA (2000-2001)
"Udalek proiektuarekiko konpromiso sendoa izatea"
"Egitura berri horrekin, udalak sartuta egotea bermatu gura genuen. Euren konpromisoa sendoa izateko eta konfiantza esparru bat sortzeko. Orduan ez zegoen gizarte ekimenek eta erakunde publikoek bat egiten zuten adibide askorik. Hainbat udaletan zalantzak izan zituzten GOIENAren jabetza izateko. Baina bat egiten zutenean, erabakiguneetan parte hartzen zuten, informazio gardena jasota. Gizarte ekimeneko proiektu bati balio erantsia ematen dio babes publiko indartsua jasotzeak".
