Euskalgintza sustatzeko udazkeneko Errigorako kanpaina martxan da: Euskarari Puzka

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko urriaren 28a

Errigorako udazkeneko kanpainaren aurkezpena Laba espazioan.

Beste urte batez jarri dute martxan Errigorako kanpaina helburu bikoitzarekin: Ager zonaldeko, Nafarroa erdi eta hegoaldeko, euskalgintza eta bertako produkzioa babestu eta bultzatzea; azaroaren 13ra arte jasoko dituzte eskaerak. 

Errigora, Euskal Herria eta auzolana oinarri dituen ekimen herritarra da; erronka nagusitzat, Euskal Herri osoko elkartasuna piztu eta auzolanaren bidez Nafarroa erdi eta hegoaldeko eragileei airea ematea du. Euskara ofiziala ez den eremu horretan, AEK, Sortzen, Ikastolak eta Agerraldiaren lana babestu eta indartzeko jaio zen egitasmoa. Urteetako herritarren konpromisoari esker sendotu da proiektua, eta gaur egun, saski bakoitzaren balioaren %25 zuzenean euskalgintzara bideratzen da, euskararen presentzia eta biziraupena sustatzeko.

Hiru saski aukeran

Kanpainaren bidez, Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saskiak eskaintzen dira, bertako 22 ekoizleren lanari ikusgarritasuna emanez. Aurten ere hiru saski mota egongo dira aukeran: Saski beltza, 60 euroan; saski berdea, 65 euroan; eta saski gorria, 75 euroan.  Saskiek elikadura burujabetza eta tokiko ekonomia ere sustatzea dituzte, Ager zonaldeko euskararen aldeko mugimenduei arnasa ematearekin batera.

Esteka honen bitartez egin daitezke eskariak azaroaren 13ra arte: https://www.errigora.eus.  Behin eskaria eginda, azaroa amaiera edo abenduaren hasieran jasotzen da saskia, eskaera egitean aukeratutako gunean.

Hamabigarren urtea beteko duen ibilbidean, Errigorak berretsi du euskalgintzako eragileen —ikastolak, AEK euskaltegiak, Sortzen eta Agerraldia— jardunaren garrantzia. Gaur egun, ekimenaren bidez laguntza jasotzen dute, besteak beste, Nafarroa erdi eta hegoaldeko zazpi ikastolek, AEKren 25 euskaltegik, eta Agerraldia edo Sortzen bezalako proiektuek.

Errigora auzolana eta elkartasuna dira, eta horixe da kanpaina honek ere bilatzen duena: euskarari arnasa ematea, herriz herri eta saskiz saski.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak