Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa astebete aurreratu du Bizkaian eta Gipuzkoan, bi lurralde horietan erregistratutako datu epidemiologikoen eta asistentzialen arabera, gripea aurreratu egin dela iritzita; hala, bizkaitar eta gipuzkoarrek txertoa jartzeko hitzordua eska dezakete Osakidetzaren webgunean edo osasun-zentrora deituta.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herritar guztiak animatu ditu txertoa jartzera, baina batik bat arrisku taldeetako kideak, bereziki haurrak eta gazteak. "Hori baita gaixotasun hori prebenitzeko edo, gutxienez, gripearen birusaz kutsatuz gero osasunean konplikazioak saihesteko tresnarik onena".
Intzidentzia altuena, Bizkaian
Intzidentziari dagokionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 100.000 biztanleko 78,58koa da, eta batez ere Bizkaian du eragina: 118 kasu erregistratu dituzte 100.000 biztanleko, gaur-gaurkoz; Gipuzkoan, 45,24koa da datua; eta Araban, azkenik, 15,22koa. Hori dela eta, Araban egungo planari eusteko hautua egin dute, intzidentziaren bilakaeraren arabera erabaki bat edo beste har dezaketen arren.