Avanzak eta langileen batzordeak aurreakordioa lortu dute

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025eko urriaren 27a

Avanzako langileek eginiko protesta bat, Arrasaten. Irudia: Goiena.

Hitzartutakoaren arabera, lan orduak murriztuko dituzte eta igoera izango dute soldatetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak positibotzat baloratu du erabakia.

Avanzak eta langileen batzordeak aurreakordioa lortu dute, gehiengo sindikala osatzen duten ELA eta UGT sindikatuen aldeko botoekin, LABek eta Aurrerak ez baitute bat egin. Hala, zehaztu dutenez, bost urteko iraupena du hitzarmenak, 2023tik 2028ra, eta hartutako erabakietako bat da lanaldia 1.592 ordutara mugatzea. Horrez gain, soldatan ere aldaketak izango dira, %12,1eko igoera bermatzea erabaki baitute: 2023ko %5,4, 2024ko %3,1 eta 2025eko %3,6. Are gehiago, adierazi dute langile guztiek "baldintza berberak" izango dituztela aurrerantzean, eta lan poltsa bat sortuko dela behin-behineko pertsonentzat.

Azahara Dominguezen hitzetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, aurreakordioa lortu izana "albiste oso ona" da, "Avanzako profesionalen lan-baldintzak hobetu" egingo direlako: "Hilabete zailak izan dira, greba egun ugari egon dira, eta testuinguru horrek egoera deserosoak eta ziurgabetasuna eragin ditu langileen eta herritarren artean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak