Debagoiena da bigarren errenta pertsonal handiena duen eskualdea Gipuzkoan, Urola Kostaren atzetik. Hori diote Eustatek argitaratutako 2023ko datuek; hain zuzen ere, bailarako herritarrek, batez beste, 28.489 euroko errenta dutela –Urola Kostako errenta 28.518 eurokoa da–. Hala, Debagoieneko errenta pertsonaleko batez besteko datuak Gipuzkoako (27.545 euro) eta Euskal Autonomia Erkidegoko (26.271 euro) batez bestekotik gora daude.
Probintziako bigarren eskualde dirudunena izateaz gain, 2022ko datuekin alderatuta igoera handienetakoa izan duen eskualdea ere bada: %6,3ko igoera. Generoari dagokionez, gizonezkoen eta emakumezkoen errenta datuek gora egin dute: 2022an, batez beste, 31.836 euroko errenta zuten gizonezkoek eta 21.915 eurokoa emakumeek; 2023an, berriz, gizonezkoen errenta 33.679 eurokoa izan zen eta emakumezkoena 23.503 eurokoa; hala, 5,7 puntu igo zen gizonezkoen errenta eta 7,2 puntu emakumezkoena. Hala ere, emakumezkoen errentaren igoera, ehunekotan, gizonezkoena baino handiagoa izan bazen ere, 2022tik 2023ra handitu egin zen gizonezkoen eta emakumezkoen batez besteko errentaren arteko aldea –2022an 9.921 eurokoa zen aldea eta 2023an 10.176 eurokoa–.
Bailarako datuak
Herri bakoitzeko datuak aztertuta, batetik besterako egoerak ezberdinak dira. Edozelan ere, gehienetan, bailarako batez bestekotik –28.489 euro– gora daude herrietako errenta pertsonaleko datuak. Batez bestekotik behera dauden herriak dira Arrasate –26.829 euro–, Elgeta –28.310 euro– eta Eskoriatza –26.537 euro–; azken hori, gainera, ibarreko errenta pertsonal txikiena duen herria da. Bestalde, 2023ko datuak kontuan hartuta, Antzuola da errenta pertsonal handiena duen bailarako herria –31.550 euro–, Oñati bigarrena –31.041 euro– eta Leintz Gatzaga hirugarrena –30.706 euro–.
2022tik 2023ra igo egin ziren, kopuru ezberdinetan bada ere, herri guztietako errenta datuak, eta, hortaz, egonkor mantendu da herrien arteko sailkapena ere. Hala ere, badaude urtebeteko epean aldaketa nabarmenak jasan dituzten herriak. Herri guztien artean igoera handiena jasan duen herria Aramaio da –%15,7 igo zen hango errenta–, eta 2022an, bailarako herrietako errentari dagokionez, azkenaurreko herria izatetik, 2023an laugarren udalerri dirudunena izatera igaro zen.
Generoari dagokionez, bailarako herri guztietan gizonezkoen batez besteko errenta emakumezkoena baino handiagoa da. Debagoieneko batez besteko orokorra kontuan hartuta, 2023ko datuek diote bailaran gizonezkoen errenta 33.679 eurokoa zela eta emakumezkoena 23.503 eurokoa; aldea, hortaz, 10.176 eurokoa da. Herriei dagokienez, gizonezkoen errenta handiena duena Antzuola da –39.800 euro– eta txikiena duena, berriz, Eskoriatza –30.413 euro–; emakumezkoetan, errenta handiena duen herria Leintz Gatzaga da –26.017 euro– eta txikiena, berriz, Arrasate –22.215 euro–.
