Irakurtzeko, ikerketetarako eta lantaldeak egiteko espazioak dira bibliotekak, baina egunotan artearen erakusleiho ere badira Eskoriatzan eta Aretxabaletan dauden MUren campusetako liburutegiak. Matilde Sainz eta Joxpi Irastorza langile ohien eta Ekaitz Filarmendi irakasle laguntzailearen artelanak jarri dituzte ikusgai, urriaren 31ra bitartean. "Lankide edo lankide ohiak direlako eta gure komunitatearen lanari balioa emateko gogoz proposatu genien euren lanak gurean erakustea, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen 50. urteurreneko ospakizunen baitan. Publiko guztiarentzako zabalik daude, campusak irekita dauden egunetan, 08:00etatik 19:00era. Pozik gaude erakusketak izaten ari diren harrerarekin", azaldu dute antolatzaileek.
"Sorpresaz eta esker onez" hartu dute artelanen egileek erakusketa egiteko proposamena. Hauxe dio Matilde Sainzek: "Originala iruditu zait liburutegietan erakusketak jartzeko ideia; beste jende batengana heltzeko modu polita da". Bide beretik erantzun du Ekaitz Filarmendik: "Sortzaileak bere lana zabaltzeko aukera duen edozein ekimen da ona", eta zera dio Joxpi Irastorzak: "Lankideei oparitu izan dizkiet egin izan ditudan egurrezko askotariko bitxiak eta osagarriak, eta sorpresa izan zen erakusketa jartzeko proposamena jasotzea".
Sainzek, margolanak
Klima aldaketa gaitzat hartuta Glaziarrak urtzen bilduma egiten hasi zen orain dela hiru urte Arrasateko margolari Matilde Sainz. "Bilboko Guggenheim museoan egin zuten argazki erakusketa baten egon nintzen, eta margolanak egiteko irudi politak aurkitu nituen han. Bat edo beste erakusketaren baten erakutsi dut, baina, apurka-apurka osatzen joan naizen bilduma denez, erakusketa honetan badira estreinakoz erakutsi ditudan margoak ere".
Hamar koadro eroan ditu Eskoriatzara. "Akuarelekin eta tamaina askotariko mihisetan margotu ditut. Bi modutan erakutsi ditut: zintzilik daude handienak, eta markoarekin txikiak".
Irastorzak, egurrezko lanak
Txikitatik maite duen egurra erabilita sortu dituen askotariko lanak jarri ditu ikusgai liburutegi berean Joxpi Irastorzak. "Ikaragarri maite dudan elementua da egurra; gogoan ditut oraindik garai baten Lazkaon zegoen aroztegiko hotsak eta usaina, eta horrek bultzatuta uste dut hasi nintzela aspaldi askotariko eskulanak egiten. Ez ditut saltzeko helburuarekin egiten, terapia moduan hartzen ditut eskulan horiek, gustura ibiltzen naiz-eta halako lanetan, eta, normalean, oparitu egiten ditut gero. Denetarikoak egin izan ditut, eta horien mostra bat dago erakusketan: tailaz egindako lanak –esaterako, kutxak–; esekitoki bat; hainbat erloju, eta baita belarritakoak eta lepokoak ere".

Askotariko egur motak erabiltzen ditu: "Hemengo zuhaitzen egurra dut gustukoen; adibidez, gereziondoa, lizarra, gaztainondoa, haritza, pagoa... Zaborretatik berreskuratu izan dut egur zati asko azkenaldian".
Filarmendik, argazki-proiekzioa
Eskarmentua du Aretxabaletako fakultatean lan egiten duen Ekaitz Filarmendik argazkilaritzan, eta bide horretatik jo du lantoki duen eraikineko liburutegian: "Norbanakoak bizitzan orokorrean, eta bizitzako hainbat etapatan, bere lekua bilatzeko ahalegina eta borroka, argazkilaritza esperimental abstraktu batetik kontatzeko saiakera da ikusleak proiekzio horretan ikusiko duena".
