Eusko Jaurlaritzak martxan jarri du jarduera fisikoa eta ongizatea sustatzeko Mugiment Mahaia

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko urriaren 23a

Mugiment mahaiaren aurkezpeneko irudia.

Eusko Jaurlaritzak Mugiment Mahaia jarri du martxan, jarduera fisikoaren sustapena eta euskal gizartearen ongizate integrala helburu dituen foro multisektoriala.

Joan den eguaztenean, Eusko Jaurlaritzak Mugiment Mahaiaren aurkezpen-ekitaldia egin zuen Zornotzako (Bizkaia) Zelaieta Zentroan. Ehun pertsona inguru elkartu ziren bertan; tartean, Aretxabaletako Udaleko Kirol teknikari Asier Mujika eta Malen Ruiz de Azua kirolari arrasatearra. Lehen batzarrean ekintza-planaren zirriborroa aurkeztu dute, parte-hartzaileengandik ekarpenak jasotzeko asmoarekin. Eusko Jaurlaritzaren koordinazio eta aholkularitza foro berria izango da, eta bertan parte hartuko dute euskal erakundeek, jarduera fisikoaren sektoreko eragileek eta ongizatearekin konprometitutako bestelako sektoreetako ordezkariek ere. 

Mahai horren bitartez, planean jasotako konpromiso eta ekintzak aurrera eramatea da erronka nagusia, modu koordinatu eta parte-hartzailean. Konpromisoen jarraipen interaktiboa egiteko aplikazio informatiko berri bat aurkeztu dute. Oraingoz, aplikazioan, Eusko Jaurlaritzako hainbat departamentu eta zuzendaritzatatik hartutako konpromisoak daude jasota, baina helburua da eragileak eta erakundeak planera batzea, euren betebeharrak ere aplikazioan txertatuz. Modu horretan, jarraipen eta ebaluazio pertsonalizatua eramango da aurrera, konpromisoa eta betetze mailaren araberakoa. 

Urtean bi aldiz elkartuko dira 

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu du euren helburua aldaketa sozial erreala eragitea dela, ekintzarako aukera eskaintzeko eta sinergiak sortzeko.

Mahaia gutxienez urtean bi aldiz bilduko da, jardueren jarraipen eta ebaluazio txostenak partekatzeko. Datozen hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzak Mugiment Mahaia osatzen duten eragileekin banakako bilerak egingo ditu, euren ekarpenak jasotzeko. Mahaia berriro elkartuko da 2026ko lehen hiruhilekoan, urteko txostenaren emaitzak partekatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak