Foru Funtsetik 1,7 milioi euro gehiago Debagoieneko udalentzat

Hasier Larrea 2025ko urr. 25a, 08:49

Oñatiko udaletxea

Gipuzkoako Foru Aldundiak esperotakoa baino 20 milioi euro gehiago banatuko ditu 2025eko ekitaldian lurraldeko udalerrietan, Foru Funtsaren bitartez. Aurreikuspenen arabera, Debagoieneko udalek 58.431.773 euro jasoko dituzte. 

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak lurraldeko aurtengo diru-bilketaren zifrei buruzko balantzea egin zuen joan den astean Gasteizen, eta, besteak beste, adierazi zuen "ekonomiaren dinamismo onak" aukera ematen duela 2025erako eginak zituzten hasierako aurreikuspenak gainditzeko: "Aurreikusten da 2024an baino 568 milioi gehiagorekin ixtea urtea, %9,4ko igoerarekin, eta 2025eko Finantzen Euskal Kontseiluan egindako kalkuluek baino %2,17 gehiago biltzea; 140,9 milioi inguru gehiago". Hala, iragarri du 6.638 milioi eurorekin itxi dezakeela urtea Gipuzkoak.

AURREIKUSPENEN ARABERA, 2026AN LEHEN ALDIZ JASOKO DIRA BAILARAN 60 MILIOI EUROTIK GORA

Udal aurrekontuen erdia dator Foru Funtsetik

Hortaz, Udal Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF), Gipuzkoako udalen finantzaketa-mekanismo nagusiak, aurreikusitakoa baino 20 milioi euro gehiago izango ditu 2025ean: guztira, 694 milioi euro; horrenbestez, espero baino diru gehiago jaso dezakete udalek. Izaro Elorzak, Oñatiko alkateak, honako zehaztapenak eman ditu: "Kontuan izan behar da foru funtsean ez zaiola dirua ematen herriari, itzuli egiten zaiola"-

Elorzak gehitu du Oñatiren kasuan Foru Funtsek udal aurrekontuaren  %40-50 inguru suposatzen dutela: "Gainerako diru sarrerak, orokorrean, udalak berak zuzenean jasotzen dituen zerga eta tasetatik, diru-laguntza ezberdinetatik eta udal enpresen dibidenduetatik datoz. Gure kasuan, esaterako, azken urteotan, diru dezente lortu dugu Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik. Proiektu garrantzitsuak ari gara egikaritzen horri esker".

Aldundiak jakinarazitako datuen arabera, urte hasieran aurreikusi zen bailarako udalerriek 56.665.902 euro jasotzea, baina, ekonomiaren aktibitatea nola doan jakinda, ekarpena 58.431.773 eurokoa izatea espero da; hau da, 1.765.871 euro gehiago.

Foru funtsa urtean zehar joaten dira jasotzen udalak, hasierako aurrekontu edo aurreikuspenaren arabera. Behin itxiera egitean, hurrengo urteko otsailean, egokitzapenak egiten dira. Udalerri bakoitzari biztanle kopuruaren arabera banatuko zaio dirua; esaterako, Arrasateko Udalari 594.270 euro gehiago emango dizkio Aldundiak, Oñatikoari 314.398 eta Elgetakoari 36.942.

Azken herri horretako alkate Ibon Unzetabarrenetxearen hitzetan, "udalen finantzaketa orokorra hazi izana, diru-bilketaren bilakaera onaren ondorioz, notizia ona da. Izan ere, udalen gastua ere hazten doa urtetik urtera, gehienbat zerbitzuen kostuaren igoeraren –argindarra, materialen prezioak, kontratazioak…– eta langile-gastuaren –KPIaren araberako soldata igoerak– ondorioz".

Hazkundearen jarraipena

Datorren urteko aurreikuspenak kontuan hartuta, hazkundearen jarraipena espero dutela adierazi zuen Mendozak: "Eusko Jaurlaritzak egindako koadro makroekonomikoak Barne Produktu Gordin nominala %4 handitzea aurreikusten du 2026rako, eta, ildo horretan, %5,3ko hazkundea aurreikusten dugu Gipuzkoan". Bailara etorrita, lehen aldiz gaindituko litzateke 60 milioi euroen langa, Foru Funtsetatik datorren kopuruari dagokionez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak