Berdintasun arloan laguntza jasoko dute 7.000 biztanletik beherako udalerriek, eta tartean dira Antzuola, Aramaio, Elgeta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga, Eudelek eta Emakundek gaur jakinarazi dutenez. Haien hitzetan, helburua da Berdintasunerako Euskal Legea "benetan betetzen dela" bermatzea, eta horregatik jarri dute martxan Berdinsare(H)abian: "Lege horrek ezartzen duenez, tokiko erakunde guztiek, edozein tamainatakoak direla ere, berdintasuna bultzatzeko berariazko egiturak izan behar dituzte, langile tekniko espezializatuekin, dedikazio egokiarekin eta behar besteko baliabideekin. Hala ere, baldintza horiek erronka handia dira populazio txikieneko udalerrientzat. Horri erantzuteko, Berdinsarea sarearen bitartez, laguntza eta babes hobea emango diegu udalerri txikiei, beren berdintasun-egiturak antolatzen eta beren eskalara egokitutako politika publikoak hedatzen laguntzeko eta babesteko".
Berdintasunerako egiturak dituzten udalei zuzenduta dago programa, baina baita horiek eratzeko prozesuan daudenei ere. Hala, udal horiek, batetik, prestakuntza jasoko dute, hala nola online trebakuntza-pilulak izango dituzte eta praktika "berritzaileak" ezagutzeko aukera; bestetik, formula partekatuak diseinatzeko eta adosteko laguntza teknikoa eta metodologikoa ere jasoko dute berdintasun-estrategia kudeatzea helburu izanik.