Euskal jendartearen bilakaeraz jardungo du TMeLab-ek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urr. 22a, 09:54

Naziometroaren zazpigarren neurketaren aurkezpena, aurten. Irudia: TMeLab.

Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak Naziometroaren bosgarren urteurreneko ekitaldia egingo du urriaren 27an, astelehena, Bilboko Bizkaia Aretoan, Euskal Herriko Unibertsitatearen elkarlanean; azken bost urteotan eginiko galdeketen emaitzen berri emango du, besteak beste.

Euskal burujabetzaren "barometro aitzindaria" da Naziometroa, TMeLab-eko kideen hitzetan: "Euskal herritarren burujabetzari, autogobernuari, independentziari eta identitate kolektiboari buruzko jarrerak neurtu eta aztertzeko tresna izan da azken bost urteotan, euskal jendartearen bilakaera sozial eta politikoaren ispilu bihurtu nahian". Horretarako, zazpi neurketa egin dituzte epealdi horretan, eta horren berri emango dute hilaren 27an egingo dituzten jardunaldietan, "joera nagusien irakurketa partekatzeko eta etorkizunari begirako gako nagusiak eztabaidatzeko".

2020koak dira, hain zuzen ere, laborategiak eginiko lehendabiziko neurketak, eta, egileen hitzetan, orduko hartan herritarren %42,5 zegoen euskal estatu baten alde. "Postura hori sostengatzen dutenen kopuruak gora eta gora egin du: 2023an %53ak zuen euskal estatuaren aldeko jarrera eta aurten, berriz, %63ak". Hala ere, aipatu dute emaitza horietan eragina duela neurketetan egiten den galderaren formulazioak: "Batetik, independentziaren alde gordinki galdetuz gero, emaitzetan aldekoen kopurua jaitsi egiten da; alabaina, euskal estatutzat formulatuz gero, gora egiten du nabarmen adostasunak. Bestetik, emaitzak aldatu egiten dira erreferendum hipotetiko bat planteatzen bada alde bakarreko ekimentzat edo bi aldeek adostutakotzat, bigarren agertoki horretan dezente sendotzen baita burujabetzaren aldeko jarrera".

Ikuspegiak elkarrizketan

Barometroak, halere, burujabetzaz gain, beste hainbat gai ere hartzen ditu aintzat, elkarlotuta egon daitezkeelakoan: "Ez luke zentzurik izango euskal estatu burujabea ezaugarritu gabe aurkeztea, abstraktuan". Hori dela eta, esaterako, ongizateari eta zerbitzu publikoei buruzko galderak egin dituzte, Osakidetzaren inguruko iritziek "garrantzia berezia" dutela iritzita pandemiaren ondorengo testuinguruan, "osasun sistemaren pitzatuak agerian geratu baitziren". Are gehiago, oldarraldi erreakzionarioez ere galdetu dute: "Ikertu nahi genuen nazioartean sumatzen den oldarraldi horrek islarik ba ote duen Euskal Herrian: emaitzek erakusten dute jarrera erreakzionarioen hazkundea sumatzen dela, eta jarrerok gai zehatzekin lotuz gero, aniztasun kulturala eta genero berdintasuna direla indartsuenak: hurrenez hurren, %61 eta %33".

Bada, hortaz guztiaz eta gehiagoz hitz egingo dute jardunaldietan, parte-hartzaileek euren iritziak trukatzeko aukera izango baitute, ondorio nagusi batetik abiatuta: "Naziometroak herritarrek gai bakoitzean dituzten kezkak, lehentasunak eta ikuspegi berriak jaso ditu, eta ondorioztatu duten euskal jendartea aldaketa sakonen aroan bizi dela, hala nola gogoan izanda gazteen ikuspegi berrituak, immigrazio eta integrazioaren inguruko jarrerak, autogobernuaren etorkizunari buruzko eztabaida eta euskal estatuaren aukeraren inguruko gogoetak".

Jardunaldien ekitaldia irekia da, honako helbide honetan eman daiteke izena, eta antolatzaileek burujabetzaren inguruko eztabaidetan interesa duten herritarrei luzatu diete parte hartzeko gonbidapena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak