Nadia Nemeh Bermeoko alkatea eta EH Bilduko ordezkariak hartu zuen hitza: "Esan beharrik ez dago ezegonkortasunak markatutako garaietan bizi garela, eta horrek eragina daukala gure herritarrengan. Ezegonkortasun giroa dago Euskal Herrian, baina baita munduan ere", azaldu zuen. "Faxismoa, autoritarismoa eta gerra hotsak nagusi diren honetan, euskal herritarrok ere zeresana izan behar dugu, eta alkate garen heinean, guk ere ekimena hartu eta ahotsa altxa behar dugula argi dugu. Palestinako herria bizitzen ari den egoera horren adibide garbia da".
Euskal Herria eta Palestina historikoki adiskideak izan garen bi herri direla azpimarratu zuen Nemehek. "Herri zapalduak gara; oinarrizko eskubide demokratikoak ukatzen zaizkigun bi herri gara. Horregatik, gure herrien arteko elkartasuna duela zenbait hamarkada hasi zen".
Zera gaineratu zuen: "Genozidioak bere horretan dirau, eta hori ezin dugu inolaz ere ahaztu. Eguneroko errealitatea ez da aldatu: milaka hildako eta zauritu, ehun milaka desplazatu, eskola, ospitaleak, unibertsitateak suntsituta, lurraldearen gehiengoa erauzita, gosetea eta gaixotasunak, lehen mailako zerbitzuen gabezia, laguntza humanitarioaren beharra eta ukapena... Egoera horiekin behin betiko amaitu arte, genozidio batean aurrean egongo gara. Eta ez dugu soilik guk esaten, NBEko nazioarteko batzorde independenteak baieztatu du".
Hori dela eta, orain, "inoiz baino gehiago", elkartasuna ehuntzen jarraitu behar dutela adierazi zuen Bermeoko alkateak. "Palestina babestu behar dugu, Palestina entzun behar dugu eta gure esku dagoen hori egitea dagokigu Palestina berreraikitzen eta biziberritzen lagundu eta Israel isolatzeko. Ezin gara besoak gurutzaturik geratu, Palestinan gertatu denaren erantzuleak epaituak izan arte ez da justiziarik izango. Honegatik guztiagatik, konpromisoak hartzeko unea da".
Modu horretan, EH Bilduk uste du Israelekin harremanak etetea dela egun Palestina babesteko biderik eraginkorrena. "Israelekin harreman ekonomiko, komertzial, diplomatiko eta politikoak eten behar dira genozidioak dirauen bitartean, Israel bera isolatu ahal izateko", zehaztu zuen Nemehek. "Horrenbestez, gobernatzen ditugun udal eta entitateetan Israelekin harremanak eteteko erabakia hartzen dugu. Gaurdanik hasiko gara administrazio horiek Israelekin dituzten harreman eta loturak aztertuz, eta dagozkion urratsak emanez, erabaki hau ahalik eta gehien inplementatu dadin".
Azkenik, zera nabarmendu zuen: "EH Bilduk ez du ekidistantziaz jokatu eta ez du ekidistantziaz jokatuko. Orain arte egin bezala, elkartasuna eta babesa adierazten eta ordezkaritza duen instituzioetan Palestinaren alde lan egiten jarraituko dugu".