Kulturaren Jaialdi bihurtuta dator 60. Durangoko Azoka

Koldo Zubia Salas 2025ko urr. 16a, 18:16

Durangoko Azokaren 60. edizioaren aurkezpena. Argazkia: Durangoko Azoka

Berrikuntzekin dator Durangoko Azoka 60. urteurrenarekin batera; aurrerantzean Kulturaren Jaialdia leloa erabiliko dute urtero. Iratxe Reparaz sortzaileak garatu duen iruditegia ere aurkeztu dute gaur, Durangoko Landako Gunean egin duten prentsaurrekoan.

Abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo den Durangoko Azokak baditu mezu eta iruditegi berria. 60 urteko ibilbidea osotuko du aurten, eta data borobil bat izanik, Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak adierazi du, ospakizunean zentralitatea jarri beharrean, urte hauetan guztietan garatutako ibilbidean jarriko dutela arreta: "Urteurren seinalatu honetan ere, ospakizun handietan indarra galdu ordez, honaino ekarri gaituen egiteko moduari eutsi eta berrikuntza batzuk txertatuko dizkiogu Azokari, egokitzen eta hobetzen jarraitzeko asmoarekin".

Lelo bakarra aurrerantzean

Ildo horretan, urtero asmatu den leloaren dinamikarekin hautsiz, hemendik aurrera, geratzeko etorri den Kulturaren Jaialdia lerroburua sortu dutela adierazi du Gaztelurrutiak: "Durangoko Azoka kulturaren jaialdia da, adierazpide artistiko asko batzen dituelako, euskarazko eta tokiko sorkuntza, artistak eta zaleak protagonista harturik. Durangoko Azoka kulturaren jaialdia da topaketa profesionala eta herrikoia delako, eta herritarrei nortasun kulturala bizitzeko, ospatzeko eta garatzeko aukera ematen dielako".

Horrekin batera, azokaren "kultur eredu herritarra" ere nabarmendu nahi izan du Gaztelurrutiak, bere esanetan, horrek ere egiten du Durangoko Azoka "kulturaren jaialdi".

Unibertso bisuala "Kartel guztiak biltzeko"

Iruditegia izango da beste berrikuntza. Iratxe Reparaz, diziplina anitzeko arte zuzendariak aurkeztutako proposamenak ez du kartel bakarra jasotzen, bere ustez azoka ezin delako "irudi bakar batean laburbildu" eta, horregatik, azokaren ibilbidea oinarri hartuta garatu du aurtengo unibertso bisual berria: "Diseinua eskuz marraztutako 60 baten aurkikuntzatik sortu zen; zenbaki bat baino gehiago zen, ibilbide bat, mugimendu bat, egin dugun bidea eta oraindik egiteko duguna irudikatzen duena" azaldu du.

Gainera, kartel bakoitzarekin "euskal kultura bizitzeko modu bat" ilustratu nahi izan du Reparazek: "Kolore biziak, diziplina askotarikoak eta forma irregularrak, azoka honen energia libre eta jaialdi giroa islatzen dutenak. Hizkuntza bera bezala, azoka ere mugimenduan dago, aldatzen da, eta forma berriak hartzen ditu".

Palestina gogoan

Aurkezpenean ere ez dute Palestinako egoera ahaztu. Gaztelurrutiak gogora ekarri du ez dela erraza jaialdi bat prestatzeko "grinari" eustea "samina barreiatzen ari den" aldi honetan. Horregatik, Palestinako herria Durangoko Azokan presente egongo dela ere adierazi du: "Prestaketan zein azokako egun guztietan genozidioa behin-betiko gelditzeko deia luzatuko dugu. Kultura kritikotasunari eta irudimenari ateak irekitzea ere badenez, gure ekimenak balio dezala mundu justuago eta gizatiarrago baten aldeko bidean elkartzeko" amaitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak