Talgo tren-konpainiak "abangoardiakoak eta disruptiboak diren proiektu eta ideiak" goraipatu zituen atzo. Emakumeak Lanbide Heziketan duen garrantzia goresten duen III. Talgo saria jaso zuen Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikasle eta laborategiko teknikari Erika Dominguez Romero eskoriatzarrak.
Berdintasunarekin duen konpromisoaren ildotik eta lanbide teknikoetan dagoen gizonen eta emakumeen arteko genero-arrakalari aurre egiteko asmoz antolatu zuen Talgok Emakumeak Lanbide Heziketan duen garrantzia goresten duen saria. Tren-konpainiak, kategoria horretako 36 hautagaien artean erabaki ostean, Domingezen lana goraipatzea eta 25.000 eurorekin saritzea erabaki zuen.
Egindako lanaren errekonozimendua
Bestelako arlo batean ekin zion Domingezek bere lan ibilbideari, baina, azkenean, prestakuntza teknikoaren aldeko apustua egin zuen, lanbidean egonkortasuna eta gogobetetasuna lortzeko. Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko Goi Mailako Heziketa Zikloa ikasi zuen, eta, berriki, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko Goi Mailako Heziketa Zikloa ere bukatu du. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko materialen laborategian teknikari lanetan dihardu –teknika aurreratuen bidezko materialen karakterizazio mekaniko, termiko eta mikroegiturazkoan espezializatuta–.
Lanak lotura estua du inguruneko industria-ehunarekin; izan ere, zerbitzu espezializatuak eskaintzen dizkio bertako industria-sareari, sektorearen benetako premietara egokitutakoak.
Lau sari guztira
Eskoriatzarrak jaso zuen sariaz gain, beste hiru sari banatu zituzten, Berrikuntza Teknologikoaren 22. Talgo saria —tren-teknologiako eta mugikortasuneko kategorietan— eta Ingeniaritzan Emakumearen Bikaintasuna saritzen duen VI. Talgo saria.
Sari-banaketan izan zirenen artean zeuden, besteak beste, Eloisa del Pino Matute, CSIC-Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko lehendakaria; Alvaro Fernandez, Heredia Renfeko lehendakaria; Teresa Riesgo, Berrikuntzako idazkari nagusia; Esther Monterrubio, Lanbide Heziketako idazkari nagusia, eta Carlos Palacio Oriol Talgoko lehendakaria. "Parte-hartzaile guztien, finalisten eta irabazleen ibilbidea, inplikazioa eta berritzeko gogoa" nabarmendu zuten.