Argitzen prozesuaren deliberazio-fasea hastera doa

Hasier Larrea 2025ko urr. 17a, 12:12

Deliberazio-prozesuaren aurkezpenean, Mandatu Organoko kideak.

Bihar, zapatua, eskualdeko energia-trantsizioa adosteko gomendio-sorta osatzeari ekingo diote 50 herritarrek, Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako ikastetxean.

Herritarren Batzarra osatuta, Argitzen prozesua fase deliberatiboan murgilduko da azaroaren 29ra arte. Ausaz aukeratutako 50 herritarrek bost saiotan parte hartuko dute, lehenik eta behin, hainbat adituren eskutik energia-trantsizioaren inguruko ezagutzak jasota, eta, ondoren gomendio-sorta bat landuta, galdera honi erantzuteko: Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?

Erantzuteko orduan lau irizpide hartu beharko dituzte kontuan: eskualdearen ehun industriala eta bizi-baldintzak, eta ereduan duen inpaktua; dependentzia energetiko maila; energia berriztagarriek biodibertsitatean eta landa-lurrean izan dezaketen inpaktua ahalik eta txikiena izatea; eta ahalmenen eta erantzukizunen arteko proportzionaltasuna pertsonen, erakundeen, herrien eta lurraldeen artean.

Gai konplexu eta sakon horien gaineko azalpenak jaso eta sor daitezkeen zalantzen aurrean bidelagun izango dituzte arlo askotariko hamaika aditu, gaian kokatze aldera. Hala, mundu mailako krisi egoera, energia-trantsizioa, eskualdeko energia, eskala askotako energia, kontsumoaren murrizketa eta lankidetza-markoa izango dituzte hizpide.

Ponentzien bidez jasoko dute ezagutza eta proposamenak lantzeko laguntza. Esan bezala, prozesu hori bost saiotakoa izango da; lehenengoa bihar izango da, zapatua, 11:30ean hasita, Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako ikastetxean.

Erreportajea 'Puntua'-n

Gaur argitaratu den Puntua aldizkarian sakon landu du Goienak Argitzen prozesuaren fase berria, aditu parte-hartzaileak elkarrizketatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak