Bularreko minbiziaren aurrean, ikerketa eta arreta

Hasier Larrea 2025ko urr. 17a, 10:19

Katxalin eta Izan Iñurri elkarteetako kideak, asteon.

Bularreko minbizia ikustarazteko egunaren atarian –urriak 19–, bailaran jarduten duten Izan Iñurri eta Katxalin elkarteek argi dute: politika publiko eraginkorragoak behar dira gero eta emakume gazteagoek pairatzen duten gaitz hilkorra prebenitu eta hari aurre egiteko.

Badator bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko eguna, ospakizunez baino gehiago, aldarrikapenez josita. Datuak gero eta gordinagoak dira eta: iaz, Espainian, 6.604 pertsona hil ziren gaitz horrek eraginda; gehienak, emakumeak. Izan ere, gizonezkoek ere jasan dezakete bularreko minbizia, baina, zalantza barik, emakumeen artean da ugariena, hilkortasun handiena eragiten duen gaixotasuna izanik. Arazoa ikustarazteko, inguruko hiriburuetan mobilizazioak egingo dituzte domekan, eta Debagoien mailan Oñatiko Foruen plaza izango da elkargunea, 12:00etan.

Deialdi horren antolatzailea Izan Iñurri elkartea da, bularreko minbiziaren aurkako borrokan parte hartzen duten pertsonak ahalduntzeko eta gizarteratzeko eskualdean jarduten duen bi eragileetako bat. Besteak, Katxalinek, Zumarragan egingo du hitzordua egun horretan, besteak beste, ikerketarako dohaintzak lortzeko.

Politika eraginkorragoak

Bularreko minbiziak askotarikoak izan daitezke, eta arriskutsuena metastasikoa da; gorputzeko beste atal batzuetara hedatzen dena, alegia. "Batzuetan, lehenengo diagnostikoarekin batera etortzen da berri txar hori. Besteetan, bularreko minbizia sendatu eta lau urtera. Bizi-itxaropena bost urtera mugatzen da kasu gehienetan", aipatu du Izan Iñurriko kide Argiloain Perosterena oñatiarrak.

Ikerketek ahalbidetzen dute metastasiaren aurkako tratamenduak gero eta hobeak izatea, horregatik errepikatzen dute arlo horretan inbertitzea zein garrantzitsua den, nahiz eta badauden kontuan hartu beharreko xehetasun gehiago: "Egia da azkenaldian berri dezente iristen zaizkigula biomedikuntzan egindako aurkikuntzen inguruan. Baina garatu, onartu eta bide publikotik jasotzen hasi orduko, denbora asko pasatzen da. Orain hasi dira erkidegoka banatzen; hala ere, paziente guztiek ez dute ziurtatuta jasoko dutenik; tira, aurrerapauso bat da, duela gutxira arte bularreko minbizia metastasikoaren aurkako tratamendua jasotzea oso garestia izaten zelako".

Horrekin batera, Izan Iñurri eta Katxalin elkarteetakoek ohartarazi dute gero eta emakume gazteagoei atzematen zaiela gaur egun bularreko minbizia. Osakidetzak iragarri berri du baheketa 48 urtetik aurrerakoei egingo zaiela aurrerantzean – orain arte, 50 urterekin egin zitekeen lehenengo proba–. Hala eta guztiz ere, bi erakundeetako kideak bat datoz neurri politiko eraginkorragoak hartu behar direla baieztatzerakoan, pandemiatik ona osasunbide publikoan arretaren "kalitatea jaitsi" egin delako. "Gertatu izan da bularrean malformazioak igarri eta medikuak antibiotikoak bakarrik errezetatzea, eta bigarren esplorazio batean jakitea minbizia daukazula. Oso garrantzitsua da detekzioa ahalik eta azkarren egitea, sendatzeko aukerak handiagoak direlako. Begira Andaluzian gertatu dena: 2.000 emakumeri berandu iritsi zaie abisua. Zenbat emakume hilko dira akats larri horrengatik?", bota du Perosterenak.

BULARREKO MINBIZI METASTASIKO KASUEK BOST URTEKO BIZIITXAROPENA DUTE GEHIENETAN

Gizarteratzearen onurak

Dena den, Katxalin elkarteko Maite Valle bergararrak profesionalengan konfiantza izateko dei egin du: "Gaizki sentitzen bagara, konfiantza izan, aurreratu eta medikuarengana joan. Ezer ez dagoela esaten badizute, ba hobeto. Baina, gutxienez, has dadila prebentzioa norberarengan, autoesplorazioaren bitartez eta aldizkako mamografiak eginaz. Gakoa da bularreko aldaketei adi egotea. Eta inguruko esperientziak jakitea, galdetzea, informatzea; zuri tokatzen bazaizu prest egon zaitezen".

Puntu horretan, Vallek uste du garrantzitsua dela gaia gero eta normaltasun handiagoarekin gizarteratzen dela: "Adibidez, tokiko komertzioetan ikusten dugu sentsibilitate handia dagoela, erakusleihoetan ikurrak eta denda barruan gurekin harremanetan jartzeko dokumentazioa jartzen dituztelako. Nik uste dut orain babestuago sentitzen garela, beldur eta lotsa gutxiagorekin. Hala izan behar du, emakumeok gaixotasunari aurre hartu ahal izateko. Izan ere, garaiz detektatuta, bularreko minbiziaren biziraupen-tasa %88koa da bost urteko epean".

Gainditu ostekoari ere erreparatu diote bi elkarteek, tratamenduek "bigarren mailako ondorio fisiko zein emozionalak uzten dituztelako". Beraz, fase horretan laguntza integrala jasotzen jarraitzea aldarrikatzen dute: "Fisioterapia, osasun mentala, sexologia eta nutrizio zerbitzu publikoak, besteak beste".

Negozioekin, kritiko

Izan Iñurriko kideek bularreko minbiziaren aitzakian egiten diren kanpaina komertzialak jarri dituzte jomugan, enpresa askok, "elkartasun arrosaren" izenean, pinkwashing-a (garbiketa arrosa) egiten dutela kritikatuta. Bestetik, mahai gaineratu dute paziente batek oharkabean jasan dezakeen presio estetikoa. "Operazioaren ostean, berehala etortzen zaizkizu protesia, ileordea edo dena-delakoa saldu guran. Ez zaitzatela bular barik edo ile barik ikusi. Hor lanketa handia dago egiteko oraindik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak