Arratsaldeko mobilizazioetan ere Palestinaren aurkako genozidioa salatu dute

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urr. 15a, 21:06

Gaurko lanuzte eta goizeko mobilizazioez gain, arratsaldean mobilizazioak egin dituzte Debagoieneko ia herri guztietan Gernika Palestina herri ekimenak deituta. Arrasaten, Bergaran eta Oñatin manifestazioak egin dituzte; Antzuolan, Elgetan eta Aramaion, elkarretaratzeak eta Aretxabaletan eta Eskoriatzan, berriz, burrunbadak.

Debagoieneko herriek babesa erakutsi diote Palestinari, eta Gaza jasaten ari den genozidioa salatu dute manifestazio, elkarretaratze eta burrunbekin. Arrasaten, esaterako, jendetza batu da, eta plazan ekin diote manifestazioari, herria zeharkatu eta berriro leku berean elkartu eta hitzartzea egiteko.

Azken egunetako akordioaz egin dute hausnarketa, eta adierazi dute palestinarrak "etxera izeneko txikizio esparrura" iritsi direla; "esperantzara kondenaturik, eta kontziente izanik edozein momentutan Israelek akordioa betetzeari utz diezaiokeela". Nabarmendu dute badakitela genozidioa ez dela amaitu "Trumpek diseinatutako" akordioarekin: "Genozidioa keinu bakoitzean indarrean dago, baita nazioarteko diplomaziarekin batera antzeztutako pailazokerietan ere".

Azpimarratu dute bahitutako 1.968 palestinarrak kalean utzi dituztela; "batzuk etxera itzultzeko, etxe eta senide arrastorik gabe". Gogorarazi dute azken bi urteetan 77 palestinar hil direla Israelgo atxilotze-gunetan, eta 10.000 inguruk preso jarraitzen dutela. "Horien artean, 360 adingabeak dira, semantikoki umeak direla ez esateko".

Palestinaz hitz egiten jarraitzeko eskatu dute, "bigarren plano batean" geratzeko arriskua "errotik uxatzeko", eta Israel isolatzeko, edozein arlotan: maila diplomatikoan, komertzial eta kulturalean, kirolean, instituzioetan, unibertso akademikoan...

Debagoieneko herrietako mobilizazioak

Arrasateko eta Bergarako manifestazioez gain, gainerako herrietan ere egin dituzte elkarretaratze eta burrunbadak.

Arrasateko plaza goraino, manifestazioa amaitu eta hitzartzea entzuten.

Oñatin gaur arratsaldean egin duten elkarretaratzea.

Aretxabaletan egin duten burrunbada.

Elgetan gaur arratsaldean egin duten elkarretaratzea.


Antzuolako elkarretaratzea, Herriko Plazan, Antzuola-Palestina taldeak deituta.

Eskoriatzan manifestazioa hasi aurretik, Fernando Eskoriatza plazan batutakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak