6.638 milioi eurorekin itxi dezake urtea Gipuzkoak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urr. 15a, 15:05

Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan. Irudia: Foru Aldundia.

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak egindako azterketa aurkeztu dute Gasteizen, aurtengo eta datorren urteko itxiera-aurreikuspenei dagokienez; horren ondoren egin du balorazioa Gipuzkoako Foru Aldundiak. Udalek aurreikusitakoa baino diru gehiago jaso dezakete Foru Funtsetatik. 

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak lurraldeko aurtengo diru-bilketaren zifrei buruzko balantzea egin du, eta adierazi du "ekonomiaren dinamismo onak" aukera ematen duela 2025erako eginak zituzten hasierako aurreikuspenak gainditzeko: "Aurreikusten da 2024an baino 568 milioi gehiagorekin ixtea urtea, %9,4ko igoerarekin, eta 2025eko Finantzen Euskal Kontseiluan egindako kalkuluek baino %2,17 gehiago biltzea; gutxi gorabehera, 140,9 milioi gehiago". Hala, iragarri du 6.638 milioi eurorekin itxi dezakeela urtea Gipuzkoak.

Mendozak, hala ere, zehaztu du diru-bilketaren %9,4ko hazkundea PFEZan –Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga– preskribatu gabeko ekitaldietako (2019-2022) itzulketek baldintzatua dagoela, "[Espainiako] Auzitegi Goreneko mutualisten epaiaren ondoren". Haren arabera, epai hori ez balego, %5,5ekoa izango litzateke 2025eko igoera, "aurreko urteetan erregistratutako mailekin bat etorriz".

2026rako aurreikuspena: hazkundea

Datorren urteko aurreikuspenen berri ere eman du Mendozak, hazkundea egotea espero dutela adierazita: "Eusko Jaurlaritzak egindako koadro makroekonomikoak BPG –Barne Produktu Gordina– nominala %4 handitzea aurreikusten du 2026rako, eta, ildo horretan, %5,3ko hazkundea aurreikusten dugu; hau da, 2025ean baino 349 milioi euro gehiago, 6.987 milioi euro inguruko bilketa lortu arte".

Diru bilketaren aurreikuspenak aintzat hartuta, Mendozak lurraldearen "sendotasuna" nabarmendu du: "Nazioarteko geopolitikak markatutako ziurgabetasun-testuinguru baten aurrean, gure ekonomia sareak erakutsi duen sendotasunari dagokionez, eta horrek lurraldeko merkatu estrategikoenetan izan duen eraginari dagokionez, hala nola Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan".

Udal Finantzaketa Foru Funtsa

Udal Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF), "Gipuzkoako udalen finantzaketa-mekanismo nagusiak", aurreikusitakoa baino 20 milioi euro gehiago izango ditu 2025ean; guztira, 694 milioi euro; horrenbestez, espero baino diru gehiago jaso dezakete udalek. Herriz herri, honako hau da egoera:

Herria 2025eko aurrekontua 2025eko itxiera aurreikuspena Biztanleko euroak
Antzuola 1.858.012 1.914.224 925
Aretxabaleta 6.422.636 6.616.945 920
Arrasate 19.642.827 20.237.097 915
Bergara 12.994.139 13.387.261 925
Elgeta 1.221.073 1.258.015 1.113
Eskoriatza 3.767.508 3.881.490 915
Leintz Gatzaga 417.678 430.314 2.049
Oñati 10.392.029 10.706.427 928

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak