Presarik ez udaltzainak suzko armez hornitzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko urr. 13a, 12:00

Jaurlaritzaren 24/2024 dekretuak udaltzainak suzko armekin hornitzeko betekizuna ezarri zien EAEko udalei. Bailarako alkateek hasieratik adierazi zuten neurriarekiko kontrakotasuna. Gaur-gaurkoz, Debagoieneko udaltzainek ez dute suzko armarik

Hiru bat aste dira EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiaren berri zabaldu zela: atzera bota zuen udaltzainak su-armaz hornitzera behartzen duen epaiaren kontra Bergarako Udalak jarritako errekurtsoa. Epaiak ez du Gorka Artola alkatea ezustean harrapatu: "Udal bakoitzak bere polizia eredua definitzeko eta beharrezko baliabidez hornitzeko izan beharko lukeen askatasunaren aurkako epaia da. Dena dela, ez da harritzekoa. Polizia lege hau zentzu horretan landu zen. 1/2020 legeak eta 24/2024 dekretuak udal autonomiaren kontra egin eta udaltzaingoaren eta beste polizien homogeneizaziorako bideari ekiten diote. Suzko armen derrigortasuna bide horretan eta eredu konkretu baten inplementazioan pauso bat gehiago da", esan du.

Artolak berretsi du Bergarako Udal Gobernuak ez duela beharrezko ikusten udaltzainak armaz hornitzea. "Ez genuen uste eta ez dugu uste Bergara bezalako herri batean, eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa dagoela kontuan hartuta, udaltzaingoa pistolaz hornitzea beharrezkoa denik. Hala eginez gero, onura baino kalte aukera gehiago ikusten dizkiogu. Uste dugu herritarrekin gertutasun pertzepzioan kaltea sortu dezakeela. Horri gehitu beharko litzaioke arma gehiago kalean izatea, kostua eta ekipamendu eta espazio berrien beharra eta abar. Ez dugu uste neurri orekatua denik, gure herrietan dugun errealitatea eta dauden kriminalitate datuak kontuan izanda", gehitu du.

75 udaltzain Debagoienean

Eusko Jaurlaritzak 2024ko martxoan onartu zuen 24/2024 dekretua. Araudi horrek herriko udaltzainak suzko armekin hornitzeko betekizuna ezarri zien EAEko udalei, eta bi epe-muga finkatu zituen: dekretua indarrean sartu eta urtebeteko epea udal handiendako eta bost urteko epea 5.000 biztanletik beherakoendako. Debagoienean lau dira bost mila biztanletik gorako herriak: Arrasate, Bergara, Oñati eta Aretxabaleta. Gaur-gaurkoz, Arrasatek 33 udaltzain ditu, Bergarak 21, Oñatik 15 eta Aretxabaletak 4.

Bost mila biztanletik beherako herrien artean, Eskoriatzak bi udaltzain ditu. Gainerakoan, Antzuolak eta Aramaiok aguazil bana dute eta Elgetan zein Leintz Gatzagan ez dago horrelakorik.

Azken epai horrek Bergararen kasuan eraginik izango duen galdetuta, zera dio alkateak: "Derrigortasun hori Jaurlaritzaren 2/2024 dekretuak ezarri zuen jada. Epai horrek ez du, beraz, eragin praktikorik dekretua betetze bidean, Bergarako Udala pausoak ematen hasita baitago".

Hurrengo urratsak

Hurrengo urratsak zeintzuk izango diren galdetuta, hauxe dio Artolak: "Dekretuak eskatzen dituen betekizunak osatzen joatea". Zehaztu du armak kalean ikusi aurretik badaudela egin beharreko etxeko lan batzuk; izan ere, "armak hornitzeaz gain, dependentzietan hainbat moldaketa egin beharko dira, armategia eta horiek manipulatzeko eremu segurua sortzeko".

Alkateak jakinarazi du kontratatuta dagoela Udaltzaingoaren udaletxeko dependentzietan egin beharreko obren proiektuaren idazketa eta idatzi ondoren obrak lizitaziora atera beharko dituela Udalak. "Landu beharko dira, baita ere, erabilera eta armen zaintza eta kontrol-arautegia", esan du.

5.000 biztanletik gorako gainerako udaletan galdetuta, Arrasatetik jaso du erantzuna GOIENAK: "Legeak hala behartzen du eta Udaletik legea betetzeko lanean ari gara".

Bailara mailako koordinaziorik dagoen galdetuta, zera esan du Artolak: "Udaltzainburuen eta alkateon artean badago komunikazio-kanal ireki bat gai hori tratatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak