Lehenengo txandan lortu ditu Idigorasek zazpi segundo, eta abantaila hori kudeatzen jardun du beste hiru txandetan. "Ez pentsa, azken txandan estutu egin dugu, Zabaleta gerturatzen zebilen eta". Idigoras lehenengo txandan gertuen izan duena Ander Sarrao izan da, bigarren izan da lehenengo txanda horretan, baina palierra aldatu behar izan du gero, eta lasterketa amaitu ahal izan badu ere, borrokatik kanpo geratu da. "Sailkapeneko borrokan ezin izan nahiz ibili, eta lasterketaz gozatzeaz arduratu gara gero", adierazi du Angiozarkoak.
Eta, esan moduan, Aitor Zabaleta gazteak jarri dio gatza lasterketari, txanda bakoitzeko Idigoras gehiago estutu duelako. "Gure debuta izan da rallysprintetan, gainera etxean, eta oso gustura geratu naiz, ederto ibili gara. Akaso, lehenengo txanda lasaiegi hasi dugu eta hor galdu ditugu aukerak, baina ondoren gustura ibili gara. Gainera, igoeretara bai, baina jaitsieretara ez gaude ohituta, eta bistan da goitibeherak ez direla eskola txarra [Barreak] nahiko ondo moldatu gara eta", adierazi du bergararrak.
Esan moduan, gaurko lasterketarekin Gorka Idigorasek berez ona izan den denboraldia borobildu du. "Ezin da hobeto amaitu, urtea ez genuen modu onenean hasi baina txapelketa irabazi dugu, azken lasterketa irabazita gainera, oso pozik nago", adierazi du eskoriatzarrak.
Bestalde, eguraldia lagun zale asko batu dira zirkuituko puntu ezberdinetan, eta lasterketa atzerapenaz hasi badute ere, 19:00etarako amaitu dute proba. Bidean istripu ikusgarriren bat edo beste izan da, baina inork ez du minik hartu, eta horrek ere laguntzen du rallysprint denboraldiari behar den moduan agur esateko.