Arrasateko Trikitixa Eskolako eta Bergarako Musika Eskolako ikasle beteranoak Arrasaten elkartu ziren lehenengoz, martxoan ospatutako lehen Helduen Trikitixa Topaketan. Esperientzia aberasgarri horren ostean, bigarrenez elkartu dira gaur, zapatua. Kasu honetan, Bergara izan dute topaleku, lehen esperientzia hartan izandako bizipenak errepikatzeko asmoz. "Helduen topaketa da, eta hauekin oso erraza da. Lan erdia etxetik eginda datoz, ondo pasatzeko gogoarekin daude" azaldu du Bergarako Musika Eskolako zuzendari eta trikiti irakasle den Aritz Alustizak.
Bergarako Irala kalean elkartu dira bi eskoletako ikasleak, eta lehen unetik umorea eta musika izan dira protagonista. Kalerik kale ibili dira musika jotzen, geldialdi ezberdinak eginaz. Arrasateko Trikitixa Eskolako irakasle den Irati Gutierrezek azaldu duenez, helburu zehatzik egon ez arren, egitasmoaren asmoetako bat bai da kalean presentzia hori izatea: "Ez dago helburu finkorik. Batzuen helburua kalean egon eta trikitia zein panderoa jotzeko erraztasuna hartzea izango da. Beste batzuena berriz, egun girotsu batean kalera irteteko aitzakia izango da, zarata ateratzeko eta herriak ikusi dezan eskolak bizirik daudela". "Nire ikasleek Arrasaten hain ondo pasatu zuten, berriz ere ondo pasatzea dela helburua, ez dago beste sekreturik" gaineratu du Alustizak.
Kaleak alaitu ostean, elkarrekin harremanak sakontzeko beta izan dute parte-hartzaileek, Laino tabernan egindako bazkarian. Bertan, trikiti eta pandero doinuek ez dute hutsik egin, bazkalostean mikro irekia antolatu dute eta, nahi duenak parte hartu ahal izateko. Horrelako ekimenen bultzadaz bi eskolen arteko harremanak estutzen doazenez, Gutierrez eta Alustizak etorkizun baten hirugarren topaketa batzuk egiteko ateak irekita utzi dituzte.
Ikasle helduak protagonista
Jende askok ikasketak gaztaroarekin lotzen dituen arren, Gutierrezek azaldu duenez, trikiti munduan geroz eta ohikoagoa da ikasle helduen presentzia: "Orokorrean gora egin duen zerbait izan dela ikusi dugu. Esango nuke beti egon dela heldu kopuru bat, hori beti egon da bizirik, baina, gure eskoletan helduek presentzia handia hartu dutela esango nuke". Perfil aldetik, aurrez trikitian ibilitako jendea dela adierazi du Alustizak: "Nire kasuan duela 20 urte edo gehiago trikitian ibili ziren pertsonak dira, bizitzako kontuengatik utzi egin zutenak eta orain bueltatzeko momentua dela ikusten dutenak". Jubilatu berri dauden pertsonak ere animatzen direla gaineratu du bergararrak.