Ikasturteko lehen mintza-ekintza astro-behaketa bat izango da

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko urriaren 10a

Ilatargi taldeko kideak Elgetan.

Elgetako plazatik abiatuko da taldea, 20:00etan, Ilargia, Saturno, galaxiak eta nebulosak ikusteko.

Berbalagun egitasmoa bueltan da Debagoienean, eta gaur, egubakoitza, ikasturteko lehenengo mintza-ekintza bateratua egingo dute. Ilatargi astronomia elkarteko kideen gidaritzapean, astro-behaketa bat egingo dute. Taldea 20:00etan elkartuko da, Elgetako Mendizaleen plazan.

Debagoieneko euskara elkarteek antolatzen dituzte Berbalagun egitasmoko taldeak herriz herri, eta baita mintza-ekintzak ere. Honako hau Unibertsoan barrena euskaraz lelopean egingo dute, eta, ogitartekoa edo tuperra lagun, iluntzea elkarrekin eta euskaraz igarotzea da plana. Ilargia, Saturno, galaxiak eta nebulosak ikustea espero dute antolatzaileek. Teleskopioak ere erabilgarri egongo dira. Ekintza 22:30ean amaituko da.

Berbalagunei deia

Mintza-praktika taldeetan bidelagun zein bidelari aritzeko aukera dago oraindik. Asteroko ordubeteko saioez gain, hainbat mintza-ekintza egingo dituzte ikasturtean zehar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak