Mendebaldeko eta Euskal Herriko pentsamenduaz. Ibilbide filosofiko eta kulturala du izena ikastaroak eta Arrasateko Kulturaten egingo dituzte saioak –hilean ostiral bat–. Saioak euskaraz izango dira eta 10:00-11:30 artean.
"XXI. mendearen lehen laurdena igaro berri, hainbat dira Euskal Herri eta Mendebaldeko zibilizazio mailan ditugun erronkak: demografikoak, ekologikoak, politikoak, teknologikoak… Baina bada bereziki nabarmendu behar den arloa: balio-sistema eta pentsamenduaren eremua. Izan ere, egungo lorpen eta gabeziak maila kultural, etiko eta espiritualean aldaketa sakonak izan ditugulako gertatu dira, eta, horregatik, gure euskal eta Mendebaldeko sustraiko iturriei erreparatzea oso garrantzitsua zaigu", azaldu dute antolatzaileek. "Balio eta pentsamenduaren lerroan, mendez mende nondik gatozen, zer eta zergatik gertatu zaigun, zeri eutsi diogun eta zeri ez, jakiteko ariketa edo ahalegina aberasgarria izan dakiguke, egungo zalantzen aurrean irizpide argiagoa izan ditzagun. Ikastaro honen helburua, hortaz, filosofia eta pentsamenduaren historian sarrera egitea da".
Saioen nolakotasuna
Saio bakoitzaren lehen zatian, irakasleak azalpenak emango ditu ordu bete inguruz (eta azalpenak hobeto jarraitzeko irakasleak gidalerro bat prestatu eta ikasleei banatuko die saioaren hasieran). Azken zatian ikasleek galderak egin ahal izango dituzte, eta eztabaida sustatu ere, entzundako gaien inguruan. Ez da etxeko lanik emango, ez-eta ariketarik egin beharrik izango.
Gaitegia
- Modernitatearen oinarriak, balioak, norantzak.
- Modernitatetik Modernitate-ondora (1492-1992).
- Grezia klasikoaren presentzia gaur egun: hitzak, ideiak, pentsabideak.
- Euskal gizabide edo humanismoa, Joxe Migel Barandiaranen bidean.
- Euskal pertsonalismo komunitarioa, Jose Mari Arizmendiarrietaren bidean.
- Euskal gizagintza, Joxe Azurmendiren bidean.
Matrikula
Matrikula zabalik da hilaren 24ra arte. Egunak zehaztuta daude eta izango dira: urriak 31, azaroak 21, urtarrilak 30, otsailak 27, martxoak 27 eta apirilak 24. Gehienez ere 30 lagun onartuko dituzte.
Prezioa da 20 euro Goienagusiko bazkideendako eta 30 euro ez bazkideendako. Ordainketa nola egin eta informazio osagarria Goienagusiren webgunean daude ikusgai.