Asier Ibaibarriaga: "Rubioren konpromisoa jaso dugu liburuan"

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko urr. 10a, 12:25

Ibaibarriaga eta San Martin liburua eskuetan dutela (Argazkia: DROGETEN ITURRI)

'Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa' liburua eta dokumentala egin ditu Ibaibarriagak, Edurne San Martinekin batera. Debagoienean ere aurkeztuko dute.

Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek, besteak beste, Elgoibarko Txilarre baserrian egin zituzten bilerek oihartzuna izan zuten, gero etorriko zen bake-prozesu baten ernamuin izateagatik. Baserriko jabea, Pello Rubio, elkarrizketatu dute Edurne San Martinek eta Arrasaten lan egiten duen Asier Ibaibarriagak (Ermua, 1973): Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa (Elkar). Dokumentala ere atera dute. Azaroan aurkeztuko dute Oñatin eta urtarrilean Arrasaten.

Gertaera historikoaren sorlekua da liburuaren oinarria?

Txillarre ezagun egin zen Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren han elkartzen zirelako euren elkarrizketak izateko, baina guk bertako jabe Pello Rubiorengan jarri dugu arreta: zergatik gonbidatu zituen haiek biak etxera, hark hartutako konpromisoa, egindako isilpeko lan handia... Hark izan zuen indarra eta mahai hartan elkartu zirenei eman zien babesa jaso gura izan dugu. Ez dugu irakurketa politikorik egin gura izan, nahi izan dugu Pellorengan zentratu; zerk eramaten duen baserritar bat halako konpromisoa, arriskua, hartzera. Otegik eta Egigurenek, egia esan, tarte txikia dute lan horretan.

Duela 25 urteko gertaera.

Pello Rubiok lantegian ezagutu zuen Paco Egea, eta militantziatik Arnalo Otegi. Harreman handia zuen biekin, eta, urte batzuetara, bi mundu haiek mahai batean elkartu eta emaitza zein izango zen ikusteko ausardia izan zuen. Egoeraz berba egiteko elkartu ziren: Elgoibarko industria, presoen gaia... Bien arteko konfiantza landu zuen Pellok modu horretan, eta gero etorri ziren beste maila bateko elkarrizketak. Adostu zuten kanpoan gertatzen zena gertatuta ere eurek aurrera egingo zutela euren bilerekin. Eta hori izan zen bermerik handiena, zeren eta garai gogorrak ziren haiek: atentatuak, atxiloketak, ilegalizazioak... 1999an hasi ziren biak elkartzen, eta urtebetera, 2000. urtean, Jesus Egiguren batu zen mahaira.

Nola egiten zuen lan hori Rubiok?

Denetarik egiten zuen: janaria prestatu, telefono deiak egin... eta baita gidari lanak ere. Adibidez, Egigurenek bizkartzainak zituen, eta haiek ez ziren baserrira joaten, hura joaten zen bila sarri; Otegi ere furgonetan igotzen zuen hark baserrira.

Nola erabaki zenuten istorio hura jasotzea?

Arrateko jaietan, bezperan, herri bazkaria egon zen, eta han zeuden Edurne eta Pello. Istorio batzuk entzun zituen han Edurnek; nigana etorri, eta haiek jaso egin behar genituela esan zidan. Eta horrelaxe hasi ginen.

Nolako liburua da? Nola jaso duzue elkarrizketa?

Hiru orduko elkarrizketa luzea egin genion Pellori, eta han esandakoak jaso ditugu liburuan; transkripzio zuzena da. Argazkiak ere badatoz, noski.

Dokumentala ere egin duzue.

Bai. Elkarrizketa grabatu genuenean ikusi genuen bazegoela materiala nahikoa dokumentala ere egiteko. Hari baratzean eta Elgoibarko kaleetan hartutako irudiekin eta elkarrizketak egin ziren garaiko argazki historikoekin jantzi dugu. Ordubetekoa da, eta modu erakargarrian egin gura izan dugu, gazteengana ere heltzeko.

Transmisioa egiteko asmoz?

Hori da. Belaunaldi berriei esan gura diegu sukalde-lanean ibilita gauza asko lortu daitezkeela. Txillarrekoak nolako bilakaera izan zuen goraipatu gura izan dugu.

Martitzenean aurkeztu zenuten, Donostian; zer esan dute Rubiok, Otegik eta Egigurenek, adibidez, emaitza ikusi dutenean?

Denek ikusi dute, eta oso gustura gelditu dira. Orain, desiratzen gaude herrietan zabaltzeko; hogei baino gehiago ditugu lotuta. Dokumentala eskaini, eta liburuak salgai jarriko ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak