Madrilen dago egunotan Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren bizipenak batzen dituen Karmele filmaren zuzendari Asier Altuna Kixi eta haren lantaldea, filma aurkezten. Gaur estreinatuko dute zinema-aretoetan. "Gogotsu nago estreinaldirako, sentsazioa daukat jendeak gogoa duela pelikula ikusteko, eta poztu egiten nau horrek. Estreinaldira orain arteko lanak ondo eginda iritsi garela sentitzen dut. Caramel banaketa-etxearekin oso gustura ari gara lan egiten, pelikularen zikloa ixten", azaldu du Asier Altunak.
Asier Altuna: "Sentsazioa daukat jendeak gogoa duela pelikula ikusteko"
Aurrez egin dituen beste lanak bezala, azken filma ere Zinemaldian estreinatu zuten, eta oraingoan ere "sentsazio onak izan" zituela dio zuzendariak: "Etxean, lagunez inguratuta, pozik. Madrilen egunotan ere hori sumatu dut; elkarrizketatu nauten kazetariei ere sumatzen zaie pelikula iristen ari zaiela. Aldi berean, aste honetan, pelikula Frantziako Tolosako zinemaldian proiektutako da eta azaroan Argentinako eta Uruguaiko bi zinemalditan parte hartuko du. Pelikula bere bidea egiten hasi da, eta oso pozik gaude".
Arrasaten eta Bergaran
Bihar, zapatua, etzi eta astelehenean Arrasateko Amaia antzokian 19:30ean ikusteko aukera izango da Jone Lazpiur eta Eneko Sagardoy protagonista diren eta bestelako aktore euskaldun ezagunek –horien artean, Aretxabaletako Kepa Errasti– parte hartzen duten drama historikoa. Sarrerak aurrez Arrasate.eus atarian eros daitezke. Kixi zuzendariaren azalpenak entzuteko aukera ere izango da asteleheneko emanaldian. "Polita da bailaran pelikula aurkeztea. Amaia antzokia beti izan da guretzako berezia. Pena ematen dit aurkeztu eta korrika alde egin beharko dudala Bergarako Seminarixoa aretoan eguaztenean izango da, Jone Lazpiurrekin batera: "Komentatu didate sarrera guztiak saldu direla, eta ederra da hori. Gogotsu nago pelikularen ond ren solasaldian parte hartzeko. Orain arte egin ditugun solasaldietan sumatu dut jendeari pelikula iristen zaiola, eta bergararrekin momentu hori konpartitzeko gogo handia dut".
'Maspalomas', arrakastarekin
Irailaren 26an estreinatu zuten zinema-aretoetan Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendu duten Maspalomas, eta asteburuan Oñatiko kultura etxeko zinema-aretoan izango da. "Pozik" dago oñatiarra orain arte filmak egin duen ibilbidearekin: "Gure ekoizleek eta banatzaileak ondo erabaki zuten data hori, Donostia Zinemaldia bukatu eta hurrengo egunean, oraindik filma fresko zegoela, eta nabaritu dugu jende asko joan dela, besteak beste, Zinemalditik indartuta atera zelako filma. Dagoeneko 70.000 pertsonak baino gehiagok ikusi dute, eta datu oso ona da guretzat. Euskal Herrian ari da izaten, batez ere, arrakasta. Kanpora begiratuta, Madrilen nahiko txukun ari da saio batzuetan eta beste batzuetan puntualki, eta Valentzian ere ondo dabil".
Aitor Arregi: "Euskal Herrian ari da izaten, batez ere, arrakasta"
Jaialdietan ere ondo ari dela gaineratu du: "Frantzian bi sari eman berri dizkigute: ikusleena eta kritikarena, eta asteon Marseillan eta Tolosan [Frantzia] dago. Asteburuan Londresko beste jaialdi batera goaz, eta laster Parisen, Huelvan eta Sao Paulon ere egongo da".
Oñatin eta Arrasaten
Arregiren lantaldea ere geratu barik ari da aurkezpenak egiten. Oñatin hamar emanaldi egingo dituzte. Asteleheneko eta martitzeneko 19:30eko emanaldietan Arregirekin solasaldia izango da. "Oso gustura aurkezten dut beti nire herrian. Ea jendea galderak egitera animatzen den. Gainera, Oñatiko jendea ere agertzen da filmean, paper txikietan". Datorren asteburuan Arrasaten eskainiko dute.