Herrietako gai nagusiak lehen lerrora, 'Harira'-n

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urr. 10a, 10:00

Goiatz Arana Begiristain da 'Harira' saioaren aurkezlea. Irudia: Iagoba Domingo.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi politikoetako ordezkariak ez ezik, eskualdeko udaletakoak ere izango dira gonbidatuak, bolo-bolo dabiltzan gaiak mahai gainean jartzeko asmoz; gainera, herritarren iritzia ere jasoko da, kalean eginiko inkestetan.

Goiatz Arana Begiristainek gidatuta, bueltan da Harira saioa Goiena telebistan; Debagoieneko udaletan ordezkatutako alderdi politikoetako ordezkariei ez ezik, Gipuzkoako Batzar Nagusietakoei ere ahotsa ematea du helburu, elkarrizketak eginda, gogoan izanda 2023-2027ko agintaldiaren erdia igaro berri dela. Gipuzkoako eta bailarako herrietan gai nagusiak diren kontuak lehen lerrora ekartzea da asmoa, jendartean hizketagai diren horiek guztiak; horretarako, herrietako berriemaileak izango dira saioan aurkezlearen bidelagun, eurek jarriko baitituzte hizketarako gai zehatz batzuk mahai gainean; gainera, herritarrei inkestak ere egingo dizkiete, haien ahotsa entzuteko.

Gipuzkoako ordezkariak

Irailaren 30ean, joan den astean, hasi zen, hain zuzen ere, Harira saioaren aldi berria, eta Miren Echeveste izan zen lehendabiziko gonbidatua, Elkarrekin Podemoseko ordezkaria, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eserlekuak dituzten lau alderdietako ordezkariak elkarrizketatzearekin ekin baitzitzaion denboraldiari. Jose Ignacio Asensio, berriz, PSE-EEko idazkari nagusia, Gipuzkoako lehen diputatuorde nagusia eta Jasangarritasun diputatua, izan da aste honetako gonbidatua, eta honako hauek izango dira telebistako platoan datozen asteetan: Maddalen Iriarte, EH Bilduren bozeramailea Batzar Nagusietan, urriaren 14an; eta Eider Mendoza, EAJko politikaria eta Gipuzkoako diputatu nagusia, urriaren 28an.

Martitzenetan izango dira saio guztiak, Goiena telebistan, 20:00etan eta 22:00etan, baina nahieran ere ikusteko aukera egongo da, emititzen diren egun berean jarriko baitira goiena. eus-en.

Herrietako ordezkariak

Batzar Nagusietako ordezkarien ondoren, Debagoieneko udaletakoak igaroko dira Goienaren telebista platotik, urtea bukatu baino lehen, herrien tamainaren hurrenkera jarraituz, txikienetik handienera, Leintz Gatzaga izan ezik: urriaren 28an, Elgeta; azaroaren 4an, Aramaio; azaroaren 11n, Antzuola; azaroaren 18an, Eskoriatza; azaroaren 25ean, Aretxabaleta; abenduaren 2an, Oñati; abenduaren 9an, Bergara; eta abenduaren 16an, Arrasate.

Udalbatzetan ordezkatuta dauden alderdi politikoetako ordezkariek eztabaidatuko dute herriko kontuen gainean mahai inguruaren bueltan. Agintaldi erdian eginikoak eta egin ez direnak, eta lehendabiziko balorazioak. Berriemaileek ere saioetan hartuko dute parte, haiek ekarriko baitituzte kaleetan bolo-bolo dabiltzan gaiak.

Berriemailea ere pantailan

Berriemaileek bailarako herrietako kaleetan pil-pilean dauden gaiak plazaratuko dituzte saioan; kaleak, horrenbestez, garrantzi berezia izango du, eta baita kalean dabiltzan herritarrek ere, inkestak egingo baitzaizkie, hala nola agintaldiaz duten iritzia emateko, herrian eginiko proiektuen eta hartutako erabakien inguruko balorazioa jasotzeko, faltan sumatzen dutena zer den jakiteko eta dituzten eskaeren berri emateko.

Herriz herri, honako hauek izango dira berriemaileak: Antzuolan, Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria; Aramaion, Idoia Aranbarri Arzuaga; Aretxabaletan, Mirari Altube Arrese; Arrasaten, Eneko Azurmendi Barrena; Bergaran, Jokin Bereziartua Lizarazu; Elgetan, Larraitz Zeberio Lekuona; Eskoriatzan, Imanol Beloki Unamuno; eta Oñatin, azkenik, Oihana Elorza Gorostiza.

Herritarrak ere parte hartzaile

Herritarrek, ohikoa den legez, euren herrietako udal ordezkariei gaiak edo galderak proposatzeko aukera izango dute, ondoren saioan lantzeko asmoz. Horretarako, honako bide hauetakoren bat jarraitu dezakete, gaia zehatz azalduta: berriak@goiena.eus helbidea edo 688 67 00 07 telefono- zenbakia, Whatsapp edo Telegram bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak