Bueltan da Hala bazan. 2000 eta 2004. urte arteko artxibotik tiraka osatuko dute sasoi berria Aitor Agirianok eta Monika Monterok. 2000. urterako Goiena telebista –orduan, GoiTB– martxan zegoen, eta, horrenbestez, Debagoieneko bederatzi herrietako irudiak ikusi ahalko dira oraingo honetan. Adi egon, akaso zu ere agertuko zara eta.
Sei saio
Urriaren 15ean, eguaztenean, estreinatuko da denboraldi berria, 20:10ean. Hain zuzen ere, jaiak, herrien bilakaera, ohitura zaharrak, kirolak, gazteak, aldarrikapenak, euskara, aisialdia, istiluak... askotariko gaiak landuko dira sei saio horietan. Programa berriak urritik eta abendura bitartean eskainiko dira, eguaztenetan. Eta, Goiena telebistan ez ezik, Goiena.eus-en ere kapitulu guztiak nahieran ikusteko aukera egongo da.
Jaiak
Sasoi berriko lehenengo atalak 25 urte atzera egingo du; 2000. urtera, zehazki. Debagoieneko herrietako jai nagusietan ikur diren ekintzak gogora ekarriko ditu. Ikus-entzuleek garai hartan nola ospatzen ziren ikusi eta gaur egungoarekin alderatzeko aukera izango dute. 25 urtean zenbat aldatu ote dira herrietako jai nagusiak? Jaien aitzakian egindako kale-inkestak erakutsiko dira, orduko janzkera, ohitura eta iritziekin. Halaber, askotariko kuriositateak agertuko dira: Elgetan danborrada egiten zela gogora ekarriko da, Leintz Gatzagako entsalada lehiaketa eta Antzuolan Mairuaren Alardeko kapitain aldaketa.