'Hemen Debagoiena', askotariko osagaiekin

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urr. 10a, 08:30

'Hemen Debagoiena' saioaren irudia.

Gaurkotasuna eta gertuko informazioa ditu abiapuntutzat Hemen Debagoiena saioak, eta albisteak dira horretarako oinarri nagusienetako bat. Tarte finkoak ere baditu; esate baterako, Debagoiendarrak mundutik, Goitik begira eta Luzapena.

Denboraldiek aurrera egin ahala hutsik egiten ez duen eguneroko erreferentziazko saioetako bat da Hemen Debagoiena, eta horrela izango da oraingoan ere; Debagoieneko gaurkotasunaren berri ematen du, azken ordukoez eta eguneroko gertakariez, horretarako ohiko albisteen formatua erabilita, ahots eta irudiekin osatuta, eta protagonistei hitza emanda.

Eguneroko tarteak

Hemen Debagoiena saioak egunka banatutako tarteak ditu; astelehenetan, esaterako, asteburuko ekintza garrantzitsuren bat lantzen da erreportaje sakon batean, eta, kultur arloa indartu nahian, bailaran izandako ikuskizun bat ere emititzen da; gehienetan, kontzertuak. Martitzenetan, berriz, atzerrian bizi direnekin izaten da hitzordua, Debagoiendarrak mundutik saioak ez baitu hutsik egiten; datorren astean, adibidez, Nerea Elortza oñatiarra izango da protagonista, Azoreetan bizi baita. Are gehiago, Goitik begira ere tarte finko bat da dagoeneko; drone baten bidez, bailarako txokoak txori baten begietatik ikusteko aukera ematen du, egunerokoan ohikoa ez den perspektiba batetik.

Herritarrei, debagoiendarrei, hitza ematea da saioaren helburu nagusienetako bat, eta hori bermatzen saiatzen da eguaztenetako inkesten tartean, momentuan pil-pilean dauden gaiak lantzen baitira astero-astero; datorren eguaztenean, esate baterako, hilaren 15ean, kalamua sendagaitzat erabiltzeari buruz duten iritzia emango dute hainbatek. Horrez gain, bailaran martxan dauden erakusketak ere nagusi izaten dira eguaztenetan, Hemen Debagoiena amaitzeko.

'Luzapena' eta agenda

Tarte finkoetako bat da Debagoieneko kirolariak eta kirol arloan dihardutenak protagonista dituen Luzapena, eta horrela izango da denboraldi honetan ere; Mireia Bikuña Madrid kazetariaren gidaritzapean, eguenetan izaten da, eta datorren astean Joseba Lopez txirrindulari arrasatearra izango da gonbidatua. Egubakoitzetan, berriz, asteburuari begira jartzeko, agendaren tartea da berritasunetako bat, asteburuko ekintzak biltzen dituena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak