Askotariko ekitaldi eta ikuskizunekin saio bereziak egin izan ditu Goienak; besteak beste, Korrika, kontzertuak, sari banaketak eta umore saioak. Baina Goiena telebistako udazkeneko programazioan urteurrenek izango dute protagonismo osoa.
Goienaren 25. urteurrena
Urteurren borobila ospatuko du Goienak abenduaren 1ean; hain justu, Goienkaria-ren lehen zenbakia kaleratu zen egunean.
Ikuskizun berezia izango da Goienaren 25. urteurreneko ospakizuna; emozioz eta sorpresaz beterikoa, baina, antolatzaileen baimenarekin, artikulu honen irakurleentzako xehetasun batzuk aurreratu daitezke dagoeneko: Bergarako Seminarixoan izango da, Kepa Errastik idatziko du gidoia eta aurkezle lanetan ere hura arituko da.
Ospakizuna, baina, ez da ekitaldi horretara mugatuko; izan ere, Goienak 2025. urte osoa darama urteurrena aldarrikatzen. Testuinguru horretan sortu zen Erronkak berbagai saioa; bailarako etorkizuneko erronkak lehen lerrora ekarri ditu programak, eta bi saio gehiago ikusteko aukera egongo da: urrian erronka energetikoa izango du hizpide eta azaroan, erronka demografikoa. Zalantza barik, Debagoienean zein mundu mailan pisu handia duten bi gai.
Txikitxu-Arrostaitz
55-35 urte bete ditu Arrasateko Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeak, eta, hori ospatzeko, askotariko ekintzak egiten dihardute urte osoan. Urteurrena borobiltzeko, dantzari ohiak eta gaur egungoak batuko dituen ekitaldi nagusi bat antolatu dute. Urriaren 18an egingo da jaialdia, Uarkape pilotalekuan, eta bertan izango da Goiena telebista. Dantza erakustaldia telebista saio bihurtuta ikusteko aukera egongo da urriaren 24an, egubakoitza, 22:30ean. Baita Goiena.eus-en nahieran ere.
Baina ez hori bakarrik; izan ere, Oihan Loitik, Ane Odriozolak eta Irati Lizarraldek Txikitxu-Arrostaitzi buruzko ikus-entzunezkoa ekoitzi dute, eta hori ere Goiena telebistan ikusi ahalko da: lehenik, abenduko azken egunetan, Arrasateko aretoetan estreinatuko dute, eta ostean, urtea amaitu aurretik, telebistan eskainiko da.