Auto elektrikoa ibilgailutik jaitsi gabe kargatzeko sistema garatu dute Ikerlanek eta Floox enpresak elkarlanean. Izan ere Premium PSU potentzia-elektronikaren fabrikatzaileak, Floox spin off-aren bidez —ibilgailu elektrikoentzako karga azkarreko eta ultraazkarreko soluzioetan espezializatua—, eta Ikerlan zentro teknologikoak ibilgailu elektrikoentzako bi noranzkoko eta efizientzia handiko haririk gabeko kargagailuen belaunaldi berri bat garatu dute.
"7,5 kW-eko soluzio bat da, ibilgailu elektriko arinen kargarako erabiltzen dena, eta 22 kW-eko karga erdi-arineko beste irtenbide bat, industria-aplikazioetarako egokia, hala nola ibilgailu elektriko astunetarako, merkataritza-zentroetarako eta bulegoetarako. Bi kargagailuek sare elektrikotik xurgatzen duten energia ibilgailura transferitzen dute, 20 cm-z bereizitako bi antenari esker. Horrela, eremu elektromagnetiko bat sortzen dute, ibilgailua kablerik gabe kargatzen duena, sarearen kalitatea kaltetu gabe eta energia-sektoreak eskatutako kalitate estandar handiak betez", azaldu dute sistemaren garatzaileek.
Zentro teknologikoak kontakturik gabeko energia-transferentziarako sistemen garapenean duen ezagutza eta ibilbidea ere balioesten ditu Ikerlaneko ikertzaile Fernando Gonzalezek: “Urte asko daramatzagu garraioaren sektoreari aplika dakizkiokeen haririk gabeko karga elektrikoko soluzioak sortzen, arlo horretan etorriko denari aurrea hartuz eta gure bezeroei etorkizuneko mugikortasun elektrikoko sistemetarako teknologia aurreratu eta jasangarria eskainiz, betiere energiaren sorkuntzan inpaktua minimizatzea helburuarekin”.
Gainera, Ikerlanek garatutako teknologiaren potentziala automobiletik haratago doa. “Horrelako soluzioak egokitu daitezke beste sektore batzuetan gailuak kargatzeko: robotak biltegi automatizatuetan, drone-ak edo trenak”, adierazi du Gonzálezek.