Araba, Bizkai eta Gipuzkoako haurren izen ohikoenen berri eman du Eustatek, neska-mutil banaketa eginda. Haren arabera, 1998az geroztik, Ane da nesken artean lehendabiziko postuan dagoen izena, eta hurrenez hurren ditu Laia eta June; mutilei dagokienez, berriz, Oihan da ohikoena azken bi urteotan, eta baita Martin eta Markel ere. Euskal izenak dira, horrenbestez, nagusi, batzuetan grafia gehiago agertzen diren arren; esate baterako, Ane-Anne, June-Yune-Iune, Jon-Ion edo Aritz-Haritz.
Horrez gain, atzerriko nazionalitatea duten gurasoek haien seme-alabei jarritako izenen berri ere eman du Eustatek, euskarazkoak geroz eta gehiago direla ohartarazita: "Neskatoen kasuan, bost izen gogokoenen artean bi euskaldun daude: Alaia, lehen postuan, eta Ainara, bosgarrenean. Mutikoen kasuan, ordea, ez dago izen euskaldunik lehenengo bosten artean, baina hamargarren postuan da Ander".
Haurren gurasoen izenak
2022tik 2024ra bitartean ama izan zirenen izenak ere aintzat hartu ditu Eustatek, eta hamar izen ohikoenak jakinarazi ditu: Maria, Leire, Nerea, Amaia, Ane, Laura, Ainhoa, Naiara, Maitane eta Janire. Aita izan zirenei dagokienez, berriz: Mikel, Jon, Aitor, Iker, David, Asier, Iñigo, Ander, Xabier eta Javier.