Iñigo Erle, sanmigeletako hirugarren txapelaren bila, domekan

Xabier Urtzelai 2025ko urr. 3a, 11:31

Iñigo Erle, iazko finalean.

Domekan (17:00, Zubikoa) jokatuko dituzte San Migel torneoko finalak. Oñatiko pilotariak Beñat Apezetxearekin osatuko du bikotea, eta Galarza eta Sotil izango dituzte aurrean. Gazte mailan beste debagoiendar bat sailkatu da finalera, Aratz Ormaetxea.

Gazte eta senior mailako San Migel torneoko finalak jokatuko dituzte domekan Oñatin. Gazte mailan, Elgoibarko Iker Izagirre eta Bergarako Aratz Ormaetxea Manex Olaizen eta Aitor Etxebarriaren kontra lehiatuko dira, biak Oiartzungoak: "Horiek izan dira kategoriako bikote osoenak. Olaizek oso jo luzea dauka, baina Izagirrek eta Ormaetxeak oso bikote orekatua osatzen dute", dio antolaketa taldeko Ander Biainek.

Seniorretan, Sanmigeletako finalak jokatzera ohituta dagoen Iñigo Erle torneoko partidu erabakigarrirako sailkatu da aurten ere. Kadete mailan jokatu zuena kontuan hartuta, domekakoa bosgarren finala izango du Oñatikoak, eta bi txapel ditu. Hala, Beñat Apezetxea goizuetarra izango du ondoan. "Oso kontrario gogorra izango dute; bereziki, Julen Sotil dabil ondo. Errealistak izanda, Sotil Erle baino sendoago dabil, esango nuke amateur mailan hura dela orain momentuan pilota ondoen jotzen duena, baina Iñigo torneo ona egiten dabil, eta Galarzaren ondoan Apezetxeak esperientzia handiagoa dauka, eta finalak jokatu egin behar dira". Antolatzaileek sarrera ona espero dute domekarako: "Harmailetan giro ona espero dugu; iaz jende asko etorri zen. Nire kasuan, ezer jokoan ez dagoen profesionalen jaialdi bat baino nahiago izaten dut amateur mailakoen final bat ikusi, saltsa polita egoten da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak